En directo
Legebiltzarrean zeuden alderdiek atzo eginiko eskaintzak modu onean hartu zituztela adierazi du Luisma Landaluze Bizipoza elkarteko kideak. Landaluzeren esanetan «han zeuden alderdi politikoek harrera ona izan zuten, nik uste dut ondo ulertu zutela gure eskaintza eta Bizipoza eskola inguruan sortutako material guztiak». Bizipoza elkartetik hainbat material sortu dituzte, eskola barruan zein kanpoan erabiltzeko, esaterako aisialdian, euskaltegietan edo bertso-eskoletan. Eremu formal eta informaletan erabiltzeko materialak sortu dituzte.
Materialen sortzaileak elkarteko kideak eta eskola eremuan dauden familiak dira. Elkartearen helburua hainbat zailtasun bizi dituzten familiekin eta elkarteekin batera poza partekatzea da, euskaraz eta sorkuntzatik. Horretarako laguntza afektibo eta materiala eskaintzen diete haur, familia eta elkarte horiei, bizi dituzten egoerak gizarteratuz. Bizipozak kasu desberdinak lantzen dituzten elkarteak hartzen ditu bere baitan, gaixotasunak dituzten haurrak babesten dituztenak, gaitasun bereziak dituzten haurrekin lan egiten dutenak...
Elkartearen balioen artean elkartasuna nabarmentzen dute, eta horren harira, arazoak dituzten haurrekin modu inklusiboan hitz egiteko deia luzatu du Landaluzek. Gaixotasunak pairatzen dituzten haurrak dira adibide jarri ditu, Bizipozako kidearen esanetan «minbizia duen haur bati modu baikorrean hitz egin behar diogu». Erabiltzen duten leloetako bat «Beldurretik maitasunera» da.
Pedagogia berri baten aldeko aldarria egiten dute, modu sortzailean eta euskaraz poza partekatzea da haien xedea. Landaluzek eduki eta materialak euskaraz egitearen nahia eta beharra azpimarratu ditu: «Euskaraz sortu, euskaraz bizitzeko».


