En directo

Gernika Palestina Herri Ekimenak bultzatuta, 'No Other Land' dokumentala euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera izango da, estreinakoz, abenduaren 16an. Auzolanean aritu dira azpitituluak sortzen, Elhuyarren Aditu.eus tresna baliatuta, eta honen inguruko azalpenak emateko Arrosa Sareko ZEBRABIDEA magazinean izan dira itzulpen lanetan aritu diren Aritz Santamaria eta Patxi Gaztelumendi, eta Elhuyarreko Lide Azkue.
No Other Land dokumentalak Basel Adra palestinarraren egunerokotasuna kontatzen du, Masafer Yattako bere herria armadaren eraiste eta kanporaketen aurrean defenditzen saiatzen den bitartean. Istorioan, Yuval Abraham kazetari israeldarrarekin egiten duen lankidetzak bi munduren arteko alde handia erakusten du: Basel okupazioaren eta ziurgabetasunaren erdian bizi da, eta Yuvalek, berriz, askatasunez mugitzeko aukera du. Dokumentalak biek elkarrekin injustiziak salatzeko egiten duten ahalegina ikustarazten du.
Hau, ordea, ez da izan auzolanean euskarazko azpitituluak sortzen aritu diren lehen aldia. Kneecap musika talde irlandarraren ibilbidea kontatzen dituen 'Kneecap' filmaren azpitituluak ere euskaratu zituzten, eta hortik abiatuta euskaratu dituzte 'No Other Land' filmarenak ere. Oraingoan, aldiz, ADITU.EUS tresna izan dute laguntzaile, Elhuyarrek sortu berri duen transkribatu, azpititulatu, itzuli eta bikoizteko online plataforma. Online plataforma izateak gauzak «asko errazten» dituela zehaztu du Azkuek. «Azolana eta elkarlana ipar» egin dutela bidea azadu dute: «Trebakuntza txiki bat egin genuen tresna ezagutzeko, eta ondoren martxan jarri ginen».
Tabakaleran izango da estreinaldia, abenduaren 16an, eta hortik aurrera dokumentala Euskal Herri osora zabaltzeko asmotan dabiltza. NAIZek proiektuan parte hartu du, eta harpidedunek sarrerak eskuratzeko aukera izan dute.
«Asmoa da, Gernika Palestina ekimenarekin batera, edozein kultur-etxe, gaztetxe, edo zinematan, euskarazko azpitituluekin eman ahal izatea», azaldu du Gaztelumendik. Mundu mailako onespena eta saritzea eduki duen dokumentala da, eta Gaztelumendiren esanetan «gure eremuan erakustea oso garrantzistsua da». Dokumentalak Euskal Herrian egingo duen bideari dagokionean, Gaztelumendi baikorra da, aurretiko esperientziek utzitako zapore ona argudio: «'Kneecap' euskaratzen ari ginenean ez genuen pentsatzen uda horretan Euskal Herrian joko zuenik. Eta eta jo du. Eta eta sekulakoak gertatu dira. Eta Kneecap, Palestina eta Euskal Herria nolabait, bat egin ditugu».


