En directo
«Indarkeria matxista esparru guztietan ematen da»
Azaroak 25, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunean, Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendariak gogorarazi du indarkeria matxista esparru guztietan ematen dela: kalean, lanean, erakundeetan edota jaietan. NAIZ Irratian egon da gaur, antzeman dituzten erronken berri ematen.
«Indarkeria matxista esparru guztietan ematen da»

Indarkeria matxista, bere izaera estruktural horretan, esparru guztietan ematen dela salatu du Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak. Aurten lehen aldiz Emakundek Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean makro-inkesta bat kaleratu du. 16 eta 85 urte arteko 4500 emakumek hartu dute parte, eta agerian utzitako datuak kezkagarriak dira: emakumeen erdiak bere bizitzan zehar indarkeria matxista kasuren bat pairatu izana aitortu zuen.
Elgarrestaren esanetan «emaitza nagusia da bi emakumetik batek bere bizitzan zehar indarkeria mota bat edo beste bizi izan duela. Emaitza horrekin batera, beraien aitorpenen artean bat azpimarratu nahiko nuke: horrelako esperientziak izan dituzten hamarretik zortzi emakumek euren bizipena inguruko familia, senitarteko, lagun edo bizilagunei kontatu izan diete, esperientzia hori partekatua izan da, esperientzia arinagoetatik muturreko esperientzietara». Partekatzea garrantzitsutzat jo du Emakundeko zuzendariak, eta bizipen hauek jasan dituzten emakumeei babesa eta laguntza eskaintzea beharrezkoa dela azpimarratu du.
Emakundek eta Eusko Jaurlaritzak egindako ikerketak agerian utzi du EAEn urtarriletik irailera 7019 salaketa jarri direla indarkeria matxistarekin lotuta, 2024ean baino %1 gehiago. Datuek indarkeriak gora egin duela erakusten dute, baina Elgarrestarentzat datuen igoera geroz eta emakume gehiagok salaketak jartzeko pausoa ematetik dator. «Indarkeria matxistak gora, esaldi motz hori baino, esango nuke salaketak igo direla. Esperientzia horiek gizarteratzeko joera handitu da, eta iruditzen zaigu egindako sentsibilizazio ibilbidean, eta berdintasun politiketan daukagun eskarmentuarekin, geroz eta zerbitzu eta baliabide gehiago daude eta emakumeak esperientzia horiek barne bizitzatik kanporatzeko zailtasun gutxiago daude eta errazago iristen dira zerbitzuetara eta laguntza eskatzera».
Lan esparruan, Emakundek Osalanekin batera Puntu Kritikoen Mapa aurkeztu du laneko arriskuen prebentzioaren protokolo barruan. Lan eremuan ematen dira sexu-jazarpenen %8a, honi aurre egitea du helburu proiektuak. Dena den Elgarrestak tamaldu du langile askok ez dutela protokolo horien berri. Bestalde, enpresa askok protokoloa txertatu bai, baina errealitatean ez dutela aplikatzen salatu du.
Erronka berriak: digitalizazioa
Elgarrestak egun ditugun erronkak antzeman eta horien aurrean ekintza konkretuak abian jartzearen beharra azpimarratu du. Emakundetik kezkaz ikusten dute digitalizazioaren eragina emakumeen aurkako indarkerian, bilakaera bat ikusi dute eta jarrera matxistak sarera egokitzen ari direla salatu. Ondorioz, sentsibilizazio eta prebentzio lanak sareetara egokitu behar dira ere, Elgarrestaren esanetan «espazio digitalak duen egokitzeko eta zabaltzeko azkartasunak, orain arte egindako lana espazio digitaletara egokitzera behartzen gaitu, analogikotik digitalera. Erronka handi bat dugu espazio digitalean izango diren mehatxu eta indarkeriari erantzun egoki bat emateko. Tresna eta zerbitzuak ahalik eta eguneratuen izaten saiatzen gara honi aurre egiteko».
Egun sareetan «korronte neomatxista» bat dagoela dio Elgarrestak. «Sarean ezaguna den manosfera geroz eta handiagoa eta nabarmenagoa da. Horri tentuz eta serio begiratzen diogu, benetako mehatxu bat da egindako ibilbide emankorra kinka larrian jarri dezakelako. Batez ere jende gaztea dute helburu, sarean denbora asko pasatzen dute, eta badakigu algoritmo oso bereziak daudela mezu antifeministak plazaratu eta horiek handitu eta ugaritzeko».
Alardea, indarkeriaren erakusle
Indarkeria matxista antzemateko garaian muturreko egoeretan jartzen da askotan begirada, baina Elgarrestak indarkeria matxista esparru guztietan ematen dela salatu du, egunerokotasunean, denbora librean edota lanean. Jai giroa ez da libratzen, Euskal Herrian horren erakusle entzutetsu eta nabarmenena Alardea da. Irun eta Hondarribiko biztanleak banatzen dituen bi pentsamolde daude: Alde batetik Alarde tradizionala, gizonek bakarrik hartu dezakete parte honetan, eta bestetik Alarde irekia, urte luzez festan emakume eta gizonezkoen arteko parekotasuna defendatu duena.
Elgarrestaren esanetan «garbi dago emakumeen eskubideen ikuspuntutik herri bateko jaiak berdinzaleagoak izan behar direla, emakumeek ezin dute oztoporik izan bere jaietan jai parekideak izateko, eta oraindik ez daude horretarako baldintzak. Ikusten da azkeneko urteetan berdintasunaren aldeko keinu batzuk eman direla, eta garrantzia ematen diet keinu horiei. Nolabait ia mugiezina zen jarrera baten aurrean urratsak emateko borondatea ikusi daiteke».
Bide batez, Irungo Udalak 5. Berdintasunaren planaren administrazio prozesua gelditu izana salatu du Emakundeko zuzendariak: «Ezinbestekotzat jotzen dugu berdintasun planaren barruan herrian dagoen auzia, Alardea parekidea izatea, eman behar diren urratsak aintzat hartzea».


