En directo

Nafarroako Irakasleok Palestinarekin taldeak Haur eta Lehen Hezkuntzarako unitate didaktikoa aurkeztu du, ikasgeletatik ere Israel Palestinan egiten ari den genozidioari erreparatzeko eta bereziki, gazatarrek bizi duten egoeraren aurrean jarduteko. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako unitatea prest izango da aurki. Zeharo desegokia delako haurrei ezkutatzea gazatarrek sufritzen duten genozidioa, edo Zisjordanian egunez egun areagotzen den okupazioa.
«Unitate didaktiko hau oinarritzen da elkartasun eta enpatian», Irakasleok Palestinarekin taldeko ordezkari batek NAIZ Irratian azaldu duenez; zehazki, «gizarte justu bat eraikitzeko baloreak» dira ikasleei transmititu nahi dizkietenak. Zentzu honetan, irakasleen konpromisoa ari dira eskatzen, gogora ekarriz, gaitegi formalean jasota egon ez arren «katedra askatasuna» dutela.
Finean, palestinar herriarekiko elkartasunean «hezkuntza komunitatea elikatzeko modu bat» da proposatzen dutena. «Praktika honen bidez landu nahi duguna da, errealitatean oinarrituta gure haurrak konturatzea beste herrialdeetako haurrek ez dituztela haiek dituzten eskubideak eta nolabait enpatia eta elkartasuna sortzea haiengan, sentimenduen eremutik».
Egokitutako materiala
Gai bat gordina eta konplexua izateak, ez du esan nahi haur batentzako ulergaitza denik, kontrakoa akaso, sarritan helduak baitira bidegabekerien aurrean 'anestesiatu' direnak. Bi dira beraz, unitate didaktiko honetan jasotako ariketak. Lehena, Palestinako bi haurrek idatzitako gutuna, beraien egoeraren berri emanez, alegia, palestinar haur batek bizi duen zapalkuntzaren kronika. Gutun horrek haurrengan piztuko dituen zalantzei lotuta egongo da bigarren ariketa. Ikasleekin batera, NBEko Batzar Orokorreko 1959ko Haurren Eskubideen Aldarrikapenean jasotako 10 oinarriak, aztertuko dituzte, hau da, gaur gaurkoz haurren eskubide unibertsaltzat jotzen direnak palestinar haurrei ukatzen zaizkienak.
Irakasleok Palestinarekin taldean argi dute, sentibera izan behar da haurrekiko eta bistan da kontakizuna beraien egoerara egokitu behar dela, baina sekulan ez egia ukatu. «Errealitate hori desitxuratua edo osorik ez badugu jasotzen, gure jarrera hanka-motz gelditzen da. Unitate didaktiko hauekin abiapuntuan jarri nahi dugu gure ardurak zeintzuk diren, horren aurrean gure jokaera bideratzeko. Kolektibo honetan oso argi esan genuen hasieratik neutralak ezin ginela izan sionismoaren, faxismo honen aurrean, ezin gara egon erdigunean gure burua definitu gabe», nabarmendu dute.


