En directo

Hegoi Belategi - NAIZ Irratia
Entrevista
Aiert Larrarte
Iratxe Sorzabalen abokatua

«Kondenak baliogabetu beharko lituzkete eta Iratxek kanpoan egon beharko luke»

Aiert Larrarte, Iratxe Sorzabalen abokatua, NAIZ Irratian izan da astelehen honetan. Torturen salaketaren ondorioz abian jarritako auzia berriro irekitzea eskatu du. Aldeko epaiak baliogabetuko lituzke aurretik ezarritako zigorrak. «Iratxek kanpoan egon beharko luke».

Audio_placeholder

«Kondenak baliogabetu beharko lituzkete eta Iratxek kanpoan egon beharko luke»

Loading player...
Aiert Larrarte NAIZ Irratian.
Aiert Larrarte NAIZ Irratian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Udaberrian Auzitegi Nazionalak absolbitu egin zuen Iratxe Sorzabal eta atxilotua izan ondoren pairatutako «tratu gizagabeak» onartu zituen. Elektrodoak aplikatu zizkiotela aitortu zuten epaileek. Sei hilabete geroago, euskal presoak 2001ean jarritako salaketaren ondorioz Madrilgo epaitegi batean abiatutako prozesua berriro irekitzeko eskatu du. Izan ere, epaileek Guardia Zibilak eragindako torturak ontzat emanez gero «aurretik dauzkan kondenak baliogabetu beharko lituzkete eta Iratxek kanpoan egon beharko luke».

Hala adierazi du astelehen honetan Sorzabalen abokatua den Aiert Larrartek NAIZ Irrarian egindako elkarrizketan. Bertan azaldu duenez, «teorian» epaiketa publiko batera iritsi beharko litzateke salaketa, eta bertan argitu beharko litzateke gertatu dena, txostenak eta adierazpenak oinarri hartuta. «Guk eskatu ditugu froga gehigarriak; nahi ditugu tortura salaketaren ondoren egin diren txostenak jaso daitezen salaketan eta txosten horiek egin dituzten medikuak adierazpenak egitea prozedura bertan. Gainera identifikatuta daude Iratxe atxilotu zuten guardia zibil guztien izen-abizenak, eta nahiko genuke Iratxe zeintzuk torturatu zuten identifikatu ahal izatea», gaineratu du.

«Identifikatuta daude Iratxe atxilotu zuten guardia zibil guztien izen-abizenak, eta nahiko genuke Iratxe zeintzuk torturatu zuten identifikatu ahal izatea»

Azaldu duenez, prozesua berriro irekitzearen arrazoiak bi multzotan banatzen dira. Batetik dago Auzitegi Nazionalak maiatzean emandako sententzia, eta bigarren blokean dira «bai nazioarteko erakunde eta tribunalen erabaki eta txostenak. Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak emandako sententziak; Nazio Batuetako Torturaren Aurkako Komiteak hartutako erabakiak, azkena Raul Fuentesen kasuan emandakoa; eta Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak ere egindako adierazpen eta gomendioak. Denak bide berean adierazten dira. Espainiak gehiago ikertu beharko lituzke tortura salaketak eta gainera hauek ezin dira preskribatu». 

Larrartek gogoratu du Sorzabalen aurka hiru prozesu izan direla, eta hiruretan emaitza ezberdina izan dela, «nahiz eta froga berdinak izan». «Lehenengo epaiketan kondenatu egin dute 24 urtera, guk honen aurka helegitea aurkeztu genuen Auzitegi Gorenean eta atzera bota zuten, eta helegitea aurkeztu genuen Konstituzionalean, eta atzera bota zuten ere; orain Estrasburgora joan gara», adierazi du, Europako sententzia ezagutu arte sei edo zazpi urte igaro ahal direla ohartaraziz. «Eta izan dira beste bi epaiketa, eta bietan absoluzioa egon da, batean froga faltagatik eta bestean demostratu delako torturatua izan dela». «Hiru epaiketa, hiru emaitza ezberdin, baina hiruretan froga berdinak dira». Hauek dira komisaldegian, torturapean, lortutako adierazpenak. «Hala izaten da Entzutegi Nazionalean, segun zein epaile tokatzen zaizun alde batera joango zara edo bestera. Justizia Administrazioaren arazoa da».

«Hiru epaiketa izan dira, hiru emaitza ezberdin, baina hiruretan froga berdinak dira»

Eta etorkizunari begira anbiguetate honen arriskua mantentzen da, aldeko epaia lortu arren. Xabier Atristainen auzia adibide bat da. «Orain dela hiru edo lau urte Estrasburgok argitaratu zuen Atristainen auziaren sententzia. Irakurri genuenean pentsatu genuen eragina izan beharko lukeela euskal preso guztien egoeran», izan ere, baliogabetzen zituen inkomunikazioan egindako adierazpenak. «Baina eguna da Atristaini ere ez diotela aplikatu», gaineratu du.

Dena den, orain arte egindako lana goraipatu du abokatuak: «Kalean egiten dena, nazioarte mailan egiten dena, torturatuen sareak antolatzea, Estrasburgoko erabakiak, NBEko errelatorearen bisitak, txostenak... honek guztiak erraztu egin du gertatu dela azalaraztea». «Bazegoen zinemagile bat, Sam Peckinpah, honek heriotzak kamera geldoan filmatzen zituen testuinguruan ez jartzeko eta heriotzak dituen ertz guztiek sentiarazteko. Nik uste dut bagaudela momentu horretan, non torturaren gaia polikiago landu daitekeen, antiterrorismoaren zurrunbilo horretatik at. Eta uste dut egiten den lanak emaitza gehiago eman ditzakeela. Ea horrela den»

Jaurlaritza Logoa