En directo
Euskal Herriko diaspora zabala dela ezaguna dugu, gure herrietatik bizitza berri baten bila mugitutako jendearen historia ezberdinak entzun izan ditugu beti. Herrialde ezberdinetan milaka istorio sortu dira urteetan zehar, batzuek hizkuntza eta euskal kultura transmititu diete haien seme alabei eta beste batzuek ez, baina badira beste hainbat aukera, diasporako pertsona ezberdinek Euskal Herria ezagutzeko.
Aukera horietako bat da Ateak Ireki proiektua, Goierriko eta Ameriketako Estatu Batuetako euskal komunitateen artean zubiak eraikitzea helburu duen proiektua. «2020ean hasi genuen bidea eta urtez urte proiektua handitzen doa», esan du Ander Elordui proiektuko koordinatzaileak. Udan hiru astez estatu batuar gazteek aukera izaten dute Goierriko familietan bizitzeko eta gure herria ezagutzeko.
18 eta 25 urte bitarteko gazteak jasotzen dituzte izen ematen duten familiek eta bertan esperientzia berezi eta ezberdinak sortzen dira. «Guk aurten hartu dugu parte lehen aldiz, eta dinamika dibertigarriak sortu ziren etxean», kontatu du Danel Garmendiak. Gainera, azaldu du inoiz ez zuela pentsatu parte hartzea, baina hemendik aurrera errepikatzeko asmoa duela: «Ez nuen uste niri egokitzen zitzaidanik harrera familia izatea, baina oker nenbilen».
Ateak irekiko dituzte 2026ko udaran eta orain da familiek izena emateko unea, proiektuan parte hartu eta esperientzia honen parte izatekoa. «Zalantza txikiak badituzue, eman izena, eta ikusiko duzue nola berriro errepikatzeko gogoa izango duzuen», amaitu du Ander Elorduik.


