En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

‘Patroye’ disko laburra plazaratu du Xsakara abeslari bermeotarrak

Lau abesti baino ez dituen arren, bi unibertso oso desberdin dituen diskoa da Xabier Gutiez ‘Xsakara’ abeslari bermeotarrak plazaratu duen ‘Patroye’. Izen-abizenak aipatzen ditugu, diskoak horrela eskatzen duelako. MusikHaria saioan aurkeztu du lan berriena Xsakarak.

Audio_placeholder

‘Patroye’ disko laburra plazaratu du Xsakara abeslari bermeotarrak

Loading player...
‘Patroye’ lana laburra bada ere, Xsakarak bere bi unibertsoak plazaratu ditu.
‘Patroye’ lana laburra bada ere, Xsakarak bere bi unibertsoak plazaratu ditu. (OSO POLITA)

‘Ilargiaren semea’ diskotik hona egindako bidaia argi eta garbi erakusten duen disko laburra da ‘Patroye’, Xsakararen lan berriena. Sasoi hartan nerabezaroko kontuak ziren abestietan aipatzen zituenak, honetan, berriz, bizitzako fase berri batekoak ditu hitzen oinarri.

Diskoak bi alde ditu, edo maxi-single moduan ulertu beharko genukeela esan daiteke. A aldean hip-hop klasikoarekin egiten dugu topo, 90etako erreferentzia argi eta garbiak topatuz eta oso era klasikoan eraikitako kantuak dira. Tartean dago sareetan zeresana eman zuen ‘Yepa!’ abestia, faxistek sare sozialen bitartez bermeotarrari gorroto mezu ugari helarazi baizizkien abesti honen karietara.

Bigarren aldia pertsonalagoa da, sentiberagoa, horregatik Xabier Gutiez dela aipatzearena, B alde horretan Xsakarak baino Xabier Gutiezek kontatzen dituelako barne istorioak. ‘Dena emateko prest’ abestian bere izaera onbera erakusten digu eta ‘Xabier’ kantuan, berriz, lehen diskora ere eramaten gaitu aipatzen dituen kontuak entzunda. 

Lan laburra, baina interesgarria ezbairik gabe sortu duen hau. MusikHaria saioan kontatu zizkigun xehetasun guztiak eta zuzeneko emanaldiak etorri bitartean entzuteko modukoak dira bertan esandakoak.

Jaurlaritza Logoa