En directo

Aritz Santamaria
NAIZ Irratia
Entrevista
Malen Osa
Mendi korrikalaria

«Emaitzetatik harago kirolari gisa hazi naiz, oinarri sendoak finkatu ditut etorkizunerako»

Golden Trail Series txapelketa bukatu ostean Malen Osak euskal mendi korrikalariak denboraldiaren errepasoa egin du NAIZ irratian, eta «kirolari moduan hazi» dela onartu du, emaitzetatik harago. Mendiko eskiko denboraldiari ekingo dio orain. 

Audio_placeholder

«Emaitzetatik harago kirolari gisa hazi naiz, oinarri sendoak finkatu ditut etorkizunerako»

Loading player...
Malen Osa, Oñatin.
Malen Osa, Oñatin. (Iñigo Uriz | Foku)

Emaitza bikainak lortu ditu Malen Osa oñatiarrak, eta onenen artean sailkatu da arrakasta handia duen Golden Trail Series sailkapenean. Laugarren amaitu du denboraldia, hirugarren postutik ez oso urrun. Era berean, Sara Alonso donostiarrak bigarren postua lortu du.

Zer nota jartzen diozu zure denboraldiari?

Asko hazi egin naiz kirolari moduan, eta, horrenbestez, oinarri sendoak finkatu ditut. Emaitza aldetik, Golden Trail Series zirkuituan hiru podium lortu ditut, eta hirugarren postutik oso gertu amaitu dut. Gainera, inoiz baino puntu gehiago eskuratu ditut sailkapen orokorrerako; hori da dagoen maila altuaren erakusle. Orokorrean oso pozik nago, aurrerapauso polita eman du.

Beraz, pozik.

Bai. Ni orokorrean oso pozik nago. Izan ere, emakume kopurua eta lehiakideen maila ikusirik, aurreko postuetan ibiltzea geroz eta zailagoa da. Azken hiru urteetan lehenengo lauen artean sailkatu naiz eta aipagarria da nire ustez.

Golden Trail Series zirkuitua zortzi lasterketek osatzen dute, tartean Zegama-aizkorri. Eta horien ondotik final handia jokatzen da, aurten Trentinon. Beraz, osotara bederatzi lasterketa munduan barna. Urrunetik oso gogorra dirudi, hala da?

Golden Trail Series distantzia laburrean gaur egun mundu mailan dagoen zirkuitu prestigiotsuena da, eta maila aldetik kirolaririk onenak biltzen dituen zirkuitua. Beraz, bai mentalki bai fisikoki esfortzu handia eskatzen duten lasterketak dira. Hori gutxi ez, lasterketak oso aldakorrak dira, hau da, teknikoki eta fisikoki ahalegin handiak egin behar ditugu, eta horregatik oso zaila da  lasterketa buruan ibiltzea.

Lanketa fisikoa eta mentala uztartu behar dituzu?

Bai. Lasterketa bakoitza desberdina da, eta korrikalari bakoitza lasterketaren arabera hobeto edo okerrago ibiliko da. Horiek horrela, zortzi lasterketa horietatik, ondoen egokitzen zaizuna edo zure abileziak ondoen islatzen duena aukeratzea izaten da gakoa. Hortxe lanketa mentala sartzen da, urtean zehar egiten duguna, noski. Azkenik, zorteak ere badu zeresan. Aurrean korritzeko zorte pixka bat ere izan behar duzu.

Apirilean hasita, Koben, Txinako harresi handian, Zegaman, Ameriketako Estatu Batuetan eta Europako beste zenbait tokitan lehiatu zara. Final handia jokatu zenuten Trentinon, lehenengo egunean zazpi kilometroko prologoan eginez, eta bigarrenean, 21 kilometroko lasterketa osatuz. Bosgarren helmugaratu zinen maratoi erdian. Zer aho zapore uzten dizu denboraldi amaierak?

Egindako azken lasterketak aho zapore goxoa utzi zidan. Esan bezala, emakumeen dentsitatea geroz eta handiagoa da, eta aurrean ibiltzeko maila gora doa. Beraz, nire esku zegoena egin nuen. Gainera, lehenengo helmugaratu zenak, Lauren Gregoryk, denbora-tarte handia izan zuen, baina bigarren postutik zazpigarren postura arte parean ibili ginen. Ni helmugara indarrik gabe iritsi nintzen, nire gorputza eta burua zukutu nituen, eta oso zapore onarekin bukatu nuen denboraldia.

«Zegama-Aizkorri oso berezia da. Urtero asterisko berde batekin egutegian markaturik egoten da. Bertan dagoen giroa, korrikalari eta zaleen arteko konexioa ez dut inon ikusi. Mundu mailako edozein korrikalariri galdetu ezkero berdina erantzungo luke»

Aipatu dugu Zegama-Aizkorri Golden Trail Series zirkuituaren barruan kokatzen dela. Nola da etxean korritzea?

Oso berezia da. Urtero asterisko berde batekin egutegian markaturik egoten da. Urteroko hitzordu handia da, zalantza izpirik gabe. Izan ere, bertan dagoen giroa, korrikalari eta zaleen arteko konexioa ez dut inon ikusi. Mundu mailako edozein korrikalariri galdetu ezkero berdina erantzungo luke, eta zer esanik ez bertako jendearentzat. Ni oso maitatua sentitzen naiz, eta espero dezagun urte luzez parte hartzeko aukera edukitzea.

Hirugarren helmugaratu zinen Zegama-Aizkorrin. Dena den, emaitza gatzen bat ere izan duzu aurten; izan ere, Txinan lasterketatik kanpo gelditu zinen. Zergatik?

Kalanbre arazo batzuk izan ditut, ziurrenik presioaren kudeaketa oker batek eraginda. Hori dela eta, lasterketatik kanpo geratu nintzen. Banabil egoera hori iraultzeko lanean, eta konpondu daitekeen arazoa denez, denborak jarriko du dena bere lekuan. Asko ikasi dut egoera honetatik.

Goi mailako kirolari batek, nola barneratzen du horrelako emaitza kaskar samar bat?

Apur bat erlatibizatzen saiatu behar gara. Kirola kirola da. Ni oso lasai nago, eta badakit bide onean nagoela, gainera bideaz gozatzen. Aurrerapen argi bat ikusten da ere bai. Beraz, bat gaizki irteten bada, hurrengoa hobeto irtengo da. Apur bat horri heldu behar zaio, ezta? Lasterketa bat gaizki joan izanagatik ez da mundua amaitzen, eta argi dago beste lasterketa bat hobeto aterako dela azkar baino lehen.

Sare sozialetan aipatu duzu denboraldia ahaztezina izan dela, emaitzetatik harago. Memoria ariketa eginez, zein izan da denboraldiko une gozoena eta gatzena?

Esango nuke gozoena Zegama izan dela. Momentu zail batetik nentorren, Txinako lasterketa ez nuen amaitu eta. Gainera, Txinatik itzultzerakoan Salmonella birusarekin kutsatu nintzen. Une gogorrak izan ziren, Zegaman egotea ere kolokan zegoen. Hortaz, hirugarren postu bat lortzera sekulako oparia izan zen. Egun hori asko gozatu nuen etxekoekin. Nire ustez denboraldiko momenturik oparoenetako bat izan zen. Okerrena, aldiz, munduko txapelketako erretiro izan zen. Oso gogorra izan zen egun hori niretzat, lasterketa oso berezia zelako, goxotasunez prestaturikoa. Izan ere, Pirinioetan asko ibilitakoa naiz. Arestian esan bezala, iluntasunaren ondotik argitasuna dator eta horixe gertatu zen: handik bi astera, Trentinoko finalean egon nintzen eta historia guztiz aldatu zen. Beraz, erdi ahaztuta dago.

«Nire bizitza asko gustatzen zait eta horrek asko laguntzen du horrelako dolu baten aurrean (amaren heriotza), baina kontu hori beti egongo da hor, beraz, egun hobeak daude eta egun txarragoak daude, noski»

Amaren heriotzak nola eragin dizu?

Kolpe gogorra izan zen, eta gure etxean gainera oso ezustekoa izan zen. Beraz, are eta gehiago. Dena den, berak beti transmititu izan zigun botila erdi hutsik ikusi beharrean erdi beteta ikusi behar dela eta horretan gabiltza. Nire bizitza asko gustatzen zait eta horrek asko laguntzen du horrelako dolu baten aurrean, baina kontu hori beti egongo da hor, beraz, egun hobeak daude eta egun txarragoak daude, noski.

Epe laburrean, zer plan duzu? Aurten ere eskian lehiatuko zara edo?

Bai, hori da. Orain beste astebete edo deskantsatuko dut eta ea laster Frantziako alpeetara joango naiz, eski denboraldia prestatzeko. Helburua Munduko Kopako zirkuitua eta Europako Txapelketa lehiatzea da. Abenduan hasi eta apirileko lehenengo asteburura arte. Berriz, udako denboraldiari ekin aurretik.

Badago alde handia dago bi kirolen artean, ezta? Nola eragiten du horrek?

Oso kirol desberdinak dira, baina hain zuzen ere horregatik oso uztargarriak dira. Azkenean guk urteko hilabete asko korrika egiten igarotzen ditugu eta gorputzarentzat inpaktu hori ez da egokiena. Beraz, neguan korrika alde batera utzi eta beste era bateko kirol bat egiteak asko laguntzen du. Horiek horrela, adituek ondorioztatu dute bi kirolak bateratu ahal direla, eta nik aurreko urtean bi denboraldiak egin nituen, emaitza oso onekin: batek bestea osatzen du. Beraz, ildo beretik jarraitzeko asmoa dut.

Hurrengo urterako helburuak finkatuak al dituzu?

Betiko estiloarekin jarraituko dut, Golden Trail Serieseko lasterketak egingo ditut. Hori izango da helburu nagusia, Zegama-Aizkorri tartean. Aldaketen artean, denboraldia etxean hasiko naizela da esanguratsuena, Aloñako igoera lehiatzen. Gogoa dut etxekoekin gozatzeko ere bai.

Amets bat?

Zegama-Aizkorriko txapela lortzea, nola ez. Jakitun naiz nire baitan bakarrik ez dagoen gauza bat dela. 2026an ez baldin bada, beste urteren batean izango da. 

Jaurlaritza Logoa