En directo

Aritz Santamaria
NAIZ Irratia
Entrevista
Unai Esparza
Txirrindularia

«Egoera zaila da talde gehienek taldeak itxita dituztelako, baina esperantza txikia dut»

Ibilbide luzeko txirrindularia da Unai Esparza. Izan ere, etxeko taldeetan eta nazioarteko taldeetan ibili da. 2024an Illes Balears Arabay taldeak fitxatu zuen, eta urtebeterako luzatu zuen kontratua. Gaur-gaurkoz kontraturik gabe dago, eta esperantza badu ere «zaila» ikusten duela adierazi du. 

Audio_placeholder

«Egoera zaila da talde gehienek taldeak itxita dituztelako, baina esperantza txikia dut»

Loading player...
Unai Esparza Portugalgo Itzuliko etapa batean
Unai Esparza Portugalgo Itzuliko etapa batean (Unai Esparza)

2024an azaroaren lehen astean berritu zuen taldearekin kontratua. «Zalantza asteak» izan dira,eta ez da oso baikorra. Tropel profesionalean kontraturik lortu ezean, zer egingo duen azaldu du NAIZ irratian, eta bere kirol urtea ere izan du mintzagai: «Taldeak agindutakoa bete dut». 

Nolakoak izaten ari dira aste hauek? 

Zalantza asteak izan dira. Kontratu luzapenak orain izaten dira, baina kontratuak aurretik ere adosten dira. Horiek horrela, badakit egoera nahiko zaila dela, talde gehienek plantilla itxita dute eta. Dena den, esperantza egon badago, eta esperantza txiki horrekin hasi naiz entrenatzen, ea aukeraren bat sortzen den azken momentuan. 

Baikorra zara?

Oraintxe bertan nahiago dut ezkorra izan eta gero sorpresaren bat badago, ilusioarekin hartu. Badakit egoera zaila dela, orduan  baikorra izatea ez dit mesede handirik egiten. 

Aipatu dugu ibilbide oparoa duzula, nahiz eta egoera zaila izan, zer hausnartu duzu? 

Hausnarketa izan da bizitzan zehar zorte handia izan dudala; izan ere, txikitatik izan dudan ametsa bete dut eta hori ezin du edonork esan. Amets honetan jarraitu nahi nuke, baina beste gauza batzuk egin behar baditut ez dut inolako arazorik izango. Magisteritza ikasketak ditut, eta horretara jarriko nintzateke. 

Tropel profesionalean kontraturik lortu ezean. Zer asmo duzu, beraz? 

Lehen Hezkuntzako oposaketak egingo ditut datorren urtean. Haur Hezkuntzako magisteritza ikasi nuen, eta bakarrik gradu bukaerako lana eta praktikak falta zaizkit Lehen Hezkuntzako Magisteritza Gradua bukatzeko. Halaber, zuzendari moduko lanetan aritzea gustatuko litzaidake, eta, horrenbestez, aurten hirugarren maila ateratzen ari naiz. 

Kirol zuzendaria izateko kurtsoren bat egin duzula aipatu duzu. Beraz, hori izan daiteke hurrengo urratsa?

Bai. Nahiz eta lehiaketa munduan ez jarraitu, mundu honetan jarraitu nahi dudala argi dut, beraz, hortik jo badezaket, bide hori egingo dut.

Zein da kirol zuzendari baten betebeharra? 

Kirol zuzendari batek ibilbideak begiratu eta ezagutu behar ditu, gero estrategia plantea dezan. Lasterketari dagokionean, kotxea gidatzen duena da eta gero ura eman. Azken finean, kudeaketa lanak egin behar ditu. 

Lehen aipatu diguzu txikitatik txirrindulari profesionala izatea zela gauetan amesturikoa, orain, gaur egun zein da zure ametsa? 

Galdera zaila da. Esaterako, ni txikia nintzenean eskolara txirrindulari arroparekin joaten nintzen. Nire betiko ametsa txirrindulari izatea izan da. Gauzak horrela, txirrindularitza alde batera uzten badut, beste amets batzuk planteatu beharko ditut. Ez dut inoiz izan beste ametsik, hortaz, pentsatu beharko nuke erantzun bat. 

Azken kirol urteari errepasoa egiteko tenorea dugu. Zer moduz ibili zara? Pozik zaude egindakoarekin? 

Bai, nik uste dut lan polita egin dudala, azkenean bidali didatena egin dut. Taldeko liderrentzat lan egitea egokitu zait, eta horretan ibili naiz lasterketa guztietan. Bestalde, Portugalgo itzulian aukera izan nuen egunean bederatzigarren helmugaratu nintzen. Egia da pixka bat gehiago nahi nuela, eta horrexegatik esprinta ekiditen saiatu nintzen. Ez nuen lortu eta gero bederatzigarren iritsi nintzen. 

Gainera, oker ez banago, etxean, Lizarran izan zinen taldeko liderra. 

Lasterketa horietan taldeak ez du berezko liderrik. Hala ere, etxeko lasterketa egiteko aukera izan dut azken bi urteetan, eta amets hori ere betetzeko aukera izan dut. Izan ere, betidanik ikusi dudan lasterketa da. Hainbatetan laguntzen egon naiz, lan ezberdinetan. Beraz, txirrindulari moduan egotea oso pozgarria izan da. 

Nolakoa izan da Lizarrako kaleetan jendetza ikustea? 

Egia esan, ez naiz gai egoera deskribatzeko, ez dut hitzik. Ikaragarria izan da. Jendez gainezka zeuden kaleak, eta «aupa Unai, aupa Unai» entzuten zen etengabe. Sentsazio horren ondorioz, oilo-ipurdiarekin ibili nintzen egun osoa. 

Portugalen lehen hamarren artean helmugaratu zinen. Errumanian edo Eslovenian korritu duzu azkenaldi honetan. Gaixotasun baten ondorioz ez dituzu emaitza onak lortu. Zer gertatu da azken tarte honetan? 

Denboraldi amaiera nahiko zaila izan da. Errumanian nahiko ondo ibiltzen ari nintzen, sailkapen nagusian 20. nintzen eta azken hotelean intoxikatu ginen. Larri ibili nintzen hiru egunez, eta azkeneko etapan ez nintzen irten. Ondorioz, nire gorputza oso ahul geratu zen eta Eslovakian ezin izan nuen ezer egin. Eslovakiara oso nekatuta iritsi nintzen. 

Denboraldi amaiera gatz xamarra. 

Bai, hori da. Ez da amestutako denboraldi amaiera, baina bederen herrialde hauek bisitatzeko aukera izan dut. 

Zein izan da denboraldiko unerik gozoena? 

Bi hautatuko nituzke. Lehenik, Indurain Sarian, Ibarrako azken bi igoeretan bizitakoa ikaragarria izan zen, jende mordoa zegoen eta. Bigarrenik, Portugalgo Itzulian ere hainbat helmuga daude non jendetza dagoen, adibidez, Guardako helmuga. Niretzat horiek dira unerik politenak, txirrindularitzaren zati garrantzitsu bat zaleak dira, zaleen pasioa ikustea oso polita da. 

Tropela geroz eta profesionalagoa da, den-dena neurtzen da gaur egun. Zer deritzozu honen inguruan? 

Urtez urte azkarrago joaten da. Konparaziora joz, taldekideekin zenbaitetan hitz egin dut aurten puntu bat azkarrago ibili garela. Halaber, ni ere hobeto sentitu naiz, horrek hobeto ibili naizela esan nahi du. Dena den, egia da urtez urte txirrindularitza profesionalagoa dela, eta dena zehazt-mehatz neurtzen dela. 

 

 

Jaurlaritza Logoa