En directo

Azaroaren 6an hasiko da HARIAK, Erresistentzia Istorioen Zinemaldia, Hernanin. Hilaren 6tik 16ra, ostegunetik igandera, dokumental emanaldiek eta solasaldiek beteko dute Kulturarteko Plaza Feminista. Aurtengoan, 'trantsisio ekologikoaren, gerraren eta migrazioen arteko hariak' ikusaraztea izango da helburua nagusia, nahiz eta bestelako hainbat gai ere landuko diren.
Itsaso Lekuonak, Hernaniko Lankidetza Zinegotziak ongi azaldu ditu festibalaren nondik norakoak. Laugarren edizioa izango du aurten HARIAK Zinemaldiak. «Urtero errepikatzea erabaki genuen, urtero dagoelako gai hauei espazioa emateko beharra».
Munduko egoerak ezagutarazi eta hauek guregan duten eraginaz hausnartzeko aukera da HARIAK, baita egoera horietan dugun eraginaz kontzientzia hartzekoa ere.
Zortzi eguneko egitarauan, 12 ikus entzunezko ikusteko aukera izango da, jatorrizko hizkuntzan, euskarazko eta gaztelaniazko azpitituluekin. Eta saio bakoitzaren ostean, solasaldia izango da.


