En directo

Asko dira mundu osoan zehar urriaren 31etik azaroaren 1erako gauari deitzeko erabiltzen diren izen eta abizenak. Baina Estatu Batuetako ohiturak alde batera utzita, udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan. Baita Euskal Herrian ere.
Gurean ere badira kontakizunak. Kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak. Ohitura ugariko herria da gurea, baina debekuen ondorioz, egiten zirenaren ezagutza ere ia galtzeraino iritsi gara. Horietako batzuk berreskuratu eta berriak sortzeko ahaleginean, herriz herri hasiak dira berriz ere udazkeneko egun ilunetako jaiak antolatzen: kalabazak hustu, trapu zaharrekin aurpegia estali, beldurra eragin.
Gaur urriaren 31a da, eta gaur Gau Beltza ospatuko da Euskal Herriko zenbait txokotan, urteen poderioz ia desagertzera ere iritsi den ospakizun hau berreskuratzeko lanetan ibili izan direlako hainbat eragile. Horietako bat da TAUPA Euskaltzaleen Mugimendua, eta honen inguruan gehiago kontatzeko ZEBRABIDEAN izan da, Andoni Urzelai, TAUPAko Gau Beltzaren koordinatzailea.
«Gau hau, guk Josu Ozaita eta Jaime Altuna antropologoek egindako lanei esker dakigu, ez dela berria gure artean. Aspaldi euskaldunek ere ospatzen zutela gau beltza edo arimen gaua, beste hainbat izenekin ere ezagutzen zen. Eta ospakizun bat zen bihurrikeriarekin lotutakoa, heriotzarekin ere bazuen nolabaiteko lotura. Kalabazak hustu eta argiztatzen zituzten galdutako arimei neguaren atarian etxerako bidea erakusteko».


