En directo

'Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitatea asma dezagun' izeneko foro irekia antolatuko du Batera plataformak azaroaren 22an, Baionako Arteen Hirian. Batera plataforma dinamizatze aldera, azken hilabeteetan izaera ezberdina duten, baina xede berbera partekatzen dituzten eragileekin hartu emanetan aritu dira. Izan ere, egungo testuinguru administratiboak gehiagorako ematen ez duela iritzita, deszentralizaziorantz egiteko beharra ikusten dute.
Zentzu honetan, 2026ko apirileko udal hauteskundeekin batera berrituko den Euskal Hiri Elkargoko egituran dute arreta jarrita Baterako Peio Jorajuriak azaldu duenez, «kanpainan erakutsi behar dugu gehiengo sozial apolitiko zabala dugula». Baterako ordezkariak arrakastarako aukera dutela iritzi du, baldin eta, «denak ados jartzen bagira aldarrikapen amankomun bat ezartzeko».
Etxeko lanak eginda helduko dira azaroaren 22ko hitzordura. Ipar Euskal Herriarentzako eta bertan bizi diren pertsonentzako esparru estrategikoak identifikatu dituzte, hala nola, hizkuntza politika, etxebizitza edota laborantza. Eta Frantziar Estatuan bertan azken urteetan eredugarri izan diren esperientziak ere ezagutu dituzte lehen eskutik, Korsika, Alsazia edota Lyongo lurralde kolektibitatearena. Guzti hauek, oinarri bat finkatzen dute, baina Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitatearena, tokiko errealitateari lotutako prozesu propio eta herrikoia izango dela aurreratu du Jorajuriak, «ez gara besteen arabera ari, baina gure lurraldean behar denaren arabera».



