En directo
Ez delako ezer amaitu, herri palestinarra entzun, orain inoiz baino gehiago
Palestinar jatorria duten Nadia Nemeh Shomaly eta Reem Dandan izan dira NAIZ Irratian, urriaren 15eko lanuztea tarteko. Saioan Yaser Hamed futbolariaren adierazpenak ere jaso dituzte. 1948ko Naqbaren ondorioak bizirik daudela-eta, mobilizatzen jarraitzera deitu dute.
Ez delako ezer amaitu, herri palestinarra entzun, orain inoiz baino gehiago

Donald Trumpek diseinatu, Benjamin Netanyahuk onetsi eta azkenean Hamasek onartu duen bakerako proposamenak mundu osoko lerroburuak hartu ditu egunotan, momentuz indarrean dagoena su-eten ahul bat eta planaren lehen fasea bakarrik bada ere. Hala ere, nazioarteko eragile gehienek euren iritzia eman eta egindako ekarpena nabarmendu nahi izan dute. Mendebaldeak, herrialde arabiarrek, EBk, NBEk edota Israelek berak, Gaza eta Palestina osoko etorkizunean paper bat jokatu behar dutela aldarrikatzen dute. Denek izango dute zer esanik, palestinar herriak izan ezik, Palestinako Agintariza Nazionalari utzi diezaioketen tartetxoa salbu. Urriaren 15 honetarako deituta dagoen lanuzte egunari tiraka, horixe bera egin du Naiz Irratiak, herritar palestinarrari hitza eman, euskaraz gainera.
Kanariar Uharteetan jaioa, 1948an palestinarrak haien lurretatik kanporatu ostean sortutako anabasaren erdian Jordaniarantz alde egin behar izan zutenen ondorengoa da Reem Dandan. Beti ibili da palestinar herriarekiko ekintzailetzan, baita beste hamaika borroketan ere. Familiaren gehiengoak sorterria atzean utzi behar izan bazuen ere, oraindik ere badu seniderik Nablusetik gertu dagoen Aqraban, eta beste asko palestina errefuxiatu komunitate handiena duen Jordanian.
Gaur egun Bermeoko alkate den Nadia Nemeh Shomalyk ere Zisjordanian ditu erroak, kasu honetan Ramallah eta Beit Jala inguruetan dauden Taybeh eta Beit Sahour herrixketan. Haren gurasoen kasuan, unibertsitate ikasketen ondorioz utzi zuten sorterria, Euskal Herria etxe bihurtzeko, baina euren arbasoen lurraldearekin kontaktua mantendu izan dute beti.
Dandanen esanetan, «oso kuriosoa da hau guztia, badirudi Palestinan gertatzen ari dena berria dela». Hala ere, onartu du azken urteetan nabarmen egin duela egoerak okerrera: «Datuek diotena da Zisjordanian bertan lurraren lapurretarik handiena gertatu dela azken bi urteetan».
Izan ere, ekintzaileak gogora ekarri du britainiarren agindupean hasi eta 1948 Naqbarekin betikotu zen okupazio eta gatazkak bere horretan jarraitzen dutela, baita herri palestinarraren zapalkuntzak ere. «Apartheid bat dagoela aipatzen dugunean, barruan dagoen legediari begiratzen badiogu, ikusiko dugu israeldarrak eta palestinarrak ezberdintzen direla modu arrazistan» azaldu du. Gaineratu duenez, «(Palestinako) leku guztietan neurri batean edo bestea genozidioa martxan egon da hasieratik eta garbiketa etnikoa ere bai».
«Apartheid hitza txiki geratu da. Nik pentsatzen du hemendik urte batzuetara Gazan gertatu denarentzat beste berba bat sortuko dela», azaldu du Nemehk, herritarren presioa mantentzera deituz. «Hau arnasgune bat da gazatarrentzako, nola ez. Baina ezin gara honekin gelditu». Kezkatuta agertu da, sortu den elkartasun olatua ez ote den geldituko, eta borrokari eusteko eskatu du: «Su-etena lehen pausu bat da, orain genozidioa gelditu behar da».
Hamasek bahituta izan dituen israeldarrez bapo hitz egin da, azken egunotan bereziki, eta horren inguruan galdetuta, Nemehk argi utzi izan du Israelgo kartzelatan palestinar ugari dagoela, baita ume asko ere.
Zuzenean izan ez bada ere, saioan parte hartu du Yaser Hamed futbolariak. Leioan jaioa, Palestinako selekzioaren jokalaria da. Su-etena mantentzearen alde agertu da, «beranguegi» heldu dela uste badu ere.



