En directo

Zientzia eta teknologiaz mintzatuko da, noski, Elhuyar Zientzia. Baina begirada sozialetik egingo dute hori, aurrerapen zientifiko eta teknologikoak gizarterekin lotzeko asmoz. Horretarako, Garazi Andonaegik Elhuyarreko Zientzia Unitateko koordinatzaileak azaldutako moduan, alde batetik, formari erreparatu diote: ingurune digitalean sortutako hedabidea da, egungo kontsumo ohiturei moldatutakoa. Freskoa, azkarra, erosoa, malgua... Hainbat euskarri sortuko dituzte horretarako, hala nola, bideoak, inkestak, efemerideak...
Baina edukiari ere erreparatu diote. Begirada sozialaz gain, aktualitatetik gertuago kokatuko dira, irakurlearen iritzi kritikoa eta hausnarketa sustatu asmoz. Horretarako, hainbat euskal ikertzaile eta aditu saretu dituzte, haien ingurune eta eremutik irakurketa kritikoak eskaini ditzaten.
Gai batzuk patxada handiagoa eskatzen eta eskaintzen dutela sinistuta, ez dute paperezko euskarria baztertu. Hiruhilean behin kaleratuko duten aldizkaria jasoko Elhuyar Zientziaren webgunetik harpidetu daiteke. Asteroko buletin digitala norbere emailean jasotzeko prozedura ere bertan agertzen da.
Zientzia euskaratik eta euskaraz
Ingelesa da zientziaren hizkuntza. Ez du dudarik egin Garazi Andonaegik. Baina euskararen egoera minorizatuaren kasuan, balioan jarri du Elhuyarretik egiten duten lana. Azaldu du zientzia euskalduntzea erronka handia dela, baina aldi berean, indarguneak ere badituela. Euskaratik euskara egiten den zientziak alde nabarmena baitu euskarara ekarritako zientziarekin alderatuta.


