En directo
«Ezkerra zatiturik joaten bada, ezkerrak galduko du»
«Zaila da aurreikustea, Emmanuel Macronekin pentsatzen delarik zerbait eginen duela, kontrakoa egiten du», adierazi du NAIZ Irratian EH Baiko diputatu Peio Dufauk, frantziar presidenteak lehen ministro berria nor izango den zehazteko, ordu gutxiren faltan.
«Ezkerra zatiturik joaten bada, ezkerrak galduko du»

Zurrumurruak eta ezjakintasuna dira nagusi, frantziar Estatuko lehen ministro berria (bosgarrena legealdi honetan) nor izango den jakiteko ordu gutxi falta direnean. Karguan hilabete baino gutxiago eman duen Sebastian Lecornuren dimisioaren ostean balizko lehen ministroen dantza nagusi da Estatu frantsesean; eta ziurra dena da, Asanblea Nazionala ez dela disolbatuko. Sébastien Lecornu berrizendatuko du? Matignoneko jauregira sozialista bat helduko al da? Politikoa ez den profil bat akaso? Kontsultaldi berri bat izango ote? eta Pentsioen erreformari buruzko erabakiak atzera botatzen baditu, egonkortasuna eduki dezake lehen ministro macronista batek? Ostiral arratsaldean (urriak 10) argituko da. Bien bitartean krisi instituzional honi buruzko irakurketa ekarri du NAIZ Irratira Peio Dufau EH Baiko diputatuak.
Alderdi politikoetako ordezkariak Eliseoan izango dira gaur arratsaldean. Zalantzak dira nagusi, baina zuk zer espero duzu?
Nik esperoko nuke ezkerreko gobernu bat, baina egia erran ez dut sinesten horretan, macronistak tematzen direlako euren helburu politikoen inguruan eta beraien politika ekonomikoaren inguruan. Aste honetan Olivier Faure Alderdi Sozialistako buruarekin egon nintzen eta berak erran ninduen goizeko 1:30ean e-mail bat jaso zuela gonbidatzeko arratsalde honetako bilkurara. Horrek erakusten du ez dela batere aurreikusia, azken momentuan antolatua.
Zurrumurruek diote Sebastien Lecornu berriro izendatu dezakeela Macronek. Hala gertatuko delakoan zaude?
Bai, nik uste dut hala izan daitekeela. Ulertezina da, baina pentsatzen dut hori dela Macronen gogokoa den aukera. Uste dut lehentasuna dela Macronen zirkuluko norbait berriz izendatzea
Gobernua aurkeztu osteko Lecornuren dimisioa aurretiaz pentsatutako zerbait izan daiteke?
Bai, pentsatzen dut horrelako zerbait izanen dela, hautua egin duela jadanik. Baina zaila da aurreikustea, Emmanuel Macronekin pentsatzen delarik zerbait eginen duela, kontrakoa egiten du. (Parlamentuko) disoluzioa inork ez zuen pentsatuko, ezta Macronengandik oso gertu ibiltzen zirenak ere. Orduan, badakigu dena posible dela.
Gurean hainbatetan aipatu izan duzu errezeta berdina erabiltzeak emaitza berdinak ematen dituela.
Ikusten da orain macronista ainitzek goraipatzen dutela ezkerrari irekitzea, ezkerrarekin lan egin beharra dagoela. Baina uste dut Macronek ez duela horra joan nahi. Gertatzen dena da hauteskunde presidentzialak heldu direla urte eta erdiren buruan eta Parisen alderdiek hori dute gogoan. Ari dira pentsatzen estrategiaz eta azken finean jendartearen interesa bide bazterrean egoten da. Hori da kezkagarriena.
Deigarria izan da Edouard Philippe Macronen lehen ministro ohiak esan duela aurrekontuak itxi aurretik, akaso hauteskunde presidentzialak deitu beharko liratekeela.
Gero eta jende gutxiago dago bere (Macronen) inguruan eta bere diputatuek ez bazuten ulertzen Parlamentuko disoluzioa, orain gutxiago ulertzen dute gertatzen ari dena.
Uste duzu Macronek dimisioa eman beharko lukeela?
Arduraz ibiliko balitz, nik uste dut kenduko zela postu horretatik. Egoera korapilatsu honetatik ateratzeko aterabide iraunkor bakarra dela uste dut. Baina arrisku handiena da eskuin muturrak hartzea boterea eta hori ere ez dugu nahi. Egoera konplikatua da.
Haustura izan da Fronte Herritar berrian, bereziki Alderdi Sozialista eta Frantzia Intsumituaren arteko talka horrekin. Nola eragiten dizu?
Eskuin muturra igotzen bada eta ezkerra zatiturik joaten bada, ezkerrak galduko du eta inork ez du nahi eskuin muturra boterean. Intsumituen artean Jean-Luc Melenchonek nahi du bere burua ikusi hautagai ezkerrean presidente izateko. Badakigu beldurra sortzen duela gizartearen parte batean. Intsumituek ez dute besteekin hitz egin norbait izendatzeko, ez bada Jean-Luc Melenchon. Eta beraz haien estrategia hortik doa. Pentsatzen dute salbatzailea agian haien alderdiko burua dela. Nik pentsatzen dudana gehiago da ezkerraren elkarlanean. Ongi legoke berriz ere mahaiaren inguruan jartzea ezkerreko alderdi guztiak.



