En directo

Peli Lekuona - Hegoi Belategi

Su-etena Gazan: gakoak, zalantzak eta arriskuak

Israelek eta Hamasek su-etenerako eta Gazarako bake prozesuaren lehen faseari bide emateko akordioa erdietsi ostean, lehen balorazioa ekarri du Naiz Irratira gaiaren jarraipena egiten ari den Martxelo Diazek, Gara eta NAIZeko kazetariak. 

Audio_placeholder

Su-etena Gazan: gakoak, zalantzak eta arriskuak

Loading player...
24 hilabeteko erasoaldiak suntsipena ekarri du. Irudian Jabaliako errefuxiatu kanpalekua.
24 hilabeteko erasoaldiak suntsipena ekarri du. Irudian Jabaliako errefuxiatu kanpalekua. (Abdul Rahman Salama | Europa Press)

Egiptoko Sharm el-Sheikh hirian abiatutako negoziazioen laugarren egunean heldu da albistea; Israelgo Estatuko eta Hamas mugimendu islamikoko ordezkariek su-etena adostu dute, hainbat fasetan banatzen den bake planari bide emateko lehen urrats gisa. Lehen gakoa da, behin-behinean behintzat, bonbardaketak, setioak eta erasoak geldituko direla. Hori ezinbestean albiste ona da odolusten ari den Gazako herri palestinarrarentzako, Gara eta NAIZeko Martxelo Diazen arabera, «badirudi Gazan zegoen sarraskia gelditzeko momentuaren aurrean gaudela. Gazan pairatzen ari direna ikusita beraientzako nik uste dut atsedenaldia edo arnasa hartzeko aukera izango dela». 

Baina unean-uneko baikortasunaz harago, begirada zabalduz, «ez dut uste» dio Diazek, «akordio honek gatazkaren konponbidea ekarriko duenik. Zisjordaniaren egoeraz ez da ezer aipatzen eta denok dakigu kolonizazioaren izugarrizko gorakada izan dela Gazan sarraskia ematen ari zen bitartean. Ikusi beharko da nola antolatzen den Gazako Gobernua hemendik aurrera. Hamasek agintari palestinarrek bertan egon behar dutela adierazi dute, baina Israelen aldetik badaude planak garbiketa etnikoa egiteko». 

Hortaz palestinarren egoerak baikortasuna, eta elkarrizketari aukera bat ematea eskatzen du, ahaztu gabe ordea, orain arteko bake prozesu handi guztiek palestinarren burujabetasunerako eskubidea urratu dutela eta Israelen okupazio sionista indartu. 

Israelek eta Hamasek akordioaren lehen fasea baino ez dute sinatu dute Egipton. Su-etena indarrean sartu ostean, bahitu israeldarren eta Israelgo espetxeetan dauden preso palestinarren (horietako asko epaitu gabeak) elkar-trukea emango litzateke. Hainbat iturriren arabera, urriaren 13an gauzatu liteke trukea. Jarraian, Israelgo Armadaren erretiratze partziala eman beharko litzateke Gazako Zerrendan, bake prozesuko hurrengo faseak negoziatzen hasi aurretik. 

Jaurlaritza Logoa