En directo

Bizkaiko Foru Aldundian, Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako sailarena da lurraldean garatzen ari diren obra garrantzitsu batzuk esleitu eta kudeatzeko ardura. 246 milioi eurokoa da bere aurrekontua, aldundiak duen aurrekontuaren %15 inguru. Bere arduren artean daude Bizkaiko errepideen eta autobideen sarearen plangintza, eraikuntza eta mantenua; ala zazpi mila biztanle baina gutxiagoko Bizkaiko udalerrietako Hiri Antolamenduko Plan Orokorren onespena.
Bilbo Handian azken urteetan aurkeztu den proiektu handienetako (eta polemikoenetako) bat, Getxoko Erromo eta Portugalete, alegia, Ibaizabalen bi ibarrak lotu nahi dituen ur-azpiko tunelarena da; herritarek 'Subflubial' deitzen dutena. Carlos Alzaga Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Foru Diputatuaren esanetan, tunel honekin, «bikoizten ditugu aukerak autoek aukeratzeko errepide bat edo bestea». Izan ere, diputatuak dionez, «oso ezaguna da» Bilbo Handian goizeko lehen orduan sortzen den trafiko motela, eta «hori ekiditeko behar dugu errepide berri bat».
Tuneletako sarreren inguruan dauden auzoetako bizilagunek jasango lituzketen ondorioez gain, garraio publikoaren erabileran izango lukeen eraginak sortu du kezka, hainbat ikerketen arabera, auto pribatuaren erabilera inguru horretan %21eko igoera izango duelako 2038. urterako. Alzagaren iritziz datu horren «interpretazioa txarto ekarrita» dago, haren arabera, errepideen erabilera, BPGren hazkundearen araberakoa delako, eta Bizkaian autoaren erabilerak gora egin duen arren, ez duelako BPGk bezain beste egin. Hortaz, «errepide berri batek ez du sortzen trafiko berririk», foru diputatuak azaldu duenez.
Tunelak eta inguruko beste lan handi batzuek eragindako kezkekiko «enpatikoa» dela dio Alzagak eta beraien ezinegona aintzat izango dutela uneoro, «neurri guztiak hartu ditugu eragozpenak eta urduritasuna arintzeko». Izan ere, Errontegiko zubiak hartzen duen trafikoa arintzea du helburu itsaspeko tunelak, baina era berean zubi horretan lan berriak egiteko aukera ere aurreikusten dute Aldundian, jada larria den eragin akustikoa handitzeko arriskuarekin. Diputatuak aurreratu duenez, bizilagunekin «egon gara, entzuteko zer arazo duten, zelan aldatu ahal dugun gure proiektua beraiei egokitzeko».
Bidesariak
Alzagak kudeatzen duen sailaren arduren artean ere bidesariak daude, Interbiak enpresa publikoaren bitartez. «Egia da, inori ez zaio gustatzen bidesariak ordaintzea», onartu du diputatuak, «baina doako azpiegiturarik ez da existitzen, ordaintzen da bidesariaren bidez edo zergen bidez. Orduan aukeratu behar da nondik atera», ondorioztatu du.
Eta bide batez, Naiz Irratiaren mikrofonoa baliatu du Carlos Alzagak, bidesariei askok egozten dietena gezurtatzeko, alegia, herritarren kontura dirua biltzea baino ez dutela helburu. «Pasa den urtean sarrerak izan ziren gutxi gora-behera 100 milioi (euro). Baina begiratu zenbat gastatzen dugun dauden bezala mantentzeko: 120 milioi. Sartzen da gastatzen duguna baino gutxiago», adierazi du Carlos Alzagak.


