En directo

NAIZ Irratiko Malen Frantsesena eta Gure Irratiko Arantxa Idieder izango ditu gidari ‘Zebrabidea’ magazinak denboraldi berrian (astelehenetik ostiralera, 16.00etatik 18.00etara). Urte luzez Arrosa irrati sareko kideen arteko elkarlanaren adierazle izan den saioak bere izaerari eutsiko dio aurten ere.
Kultur eta gizarte gaiak izango dira protagonista entzuleen arratsaldeetan bidelagun izaten jarraitu nahi duen ‘Zebrabidea’-n. Eta horretarako kolaboratzaile talde zabala izango du.
Arrosa sareko irratien egunerokoa ezagutzeko bide emango du astearteroko ‘Gure tertuliak’ Esan Erran irratiko Garazi Zabaleta, Antxetako Aitziber Zapirain, Xiberoko Botzako Inexa Decun eta NAIZ Irratiko Ion Telleriarekin. Literatura tartean ariko dira Nora Arbelbide, Garbiñe Ubeda eta Galtzagorri elkartea; musika solasaldian Ignazio Arakistain, Antton Larrandaburu eta Hala Bediko Olatz Sanz; kirolaren ingurukoan Gure Irratiko Olatz Idoate, Antxetako Paola Oskoz eta NAIZ Irratiko Aritz Santamaria. Bertsolaritzak tarte propioa izango du Ekhiñe Zapiain eta Irantzu Idoaterekin eta liburu gomendioak besapean etorriko dira Oihana Arana, Harkaitz Leitzako liburuzaina eta Aines Hariztoi.
Hezkuntzaz gogoeta egiteko tarteari eutsiko dio ‘Zebrabidea’-k Lore Erriondoren eskutik eta, gainera, denboraldi berrian Herri Hezitzaileetako proiektuen berri ematera gerturatuko dira Oinherriko kideak ere. Ikasturteko berritasunen artean Gazte Agenda izango da, Klak! Gazte Ahotsa proiektu komunikatiboaren eskutik. Gainera, sare sozialetako saltsei begirada propioa ere jarriko die Janire Atxurrak.
Aurreko urteetako bideari segiz agerkariek ere tarte propioa izango dute, tokian tokiko errealitateak gertuagotik ezagutzeko bide emanez astero ‘Zebrabidea’ gurutzatuko dute Nafarroako ‘Hitza’-k, Kanaldudek, Kazetak, ‘Herria’ aldizkariak, ‘Argia’-k eta GAUR8 astekariak. Gainera, kazetaritzaren inguruko gogoetak egiteko tartea ere izango da ‘Berria’-ko Pello Urzelairen eskutik.
Elkarrizketak eta erreportaje bereziak
Gainerakoan, egunerokotasun sozialak marraztuko du arratsaldeko magazinaren eskaintza. Aktualitateari loturiko elkarrizketekin eta Antxeta eta Gure Irratiak landutako gai zehatzen inguruko erreportaje landuekin. Gainera, NAIZ Irratiaren eskutik eguneko albiste onari eskainitako unea ere izango da.



