En directo

NAIZ Irratia

MUST+PRO jardunaldietan MusikHaria saio berezia Tabakaleratik

MusikHaria saioa kalera irten zen asteartean, irailak 30, Donostiako Tabakalerara. Euskal Herriko Musikaren Topagune profesionala, MUST+PRO, izan da bertan asteon Euskal Herriko Musika Bulegoak antolatuta. Elkarteko kideak, Herenegun taldea eta Maren abeslaria pasa ziren NAIZ Irratiko set-etik.

Audio_placeholder

MUST+PRO jardunaldietan MusikHaria saio berezia Tabakaleratik

Loading player...
Iker Durana eta Maddi Arana gerturatu ziren Musika Bulegoaren izenean Must+Pro topaketetan.
Iker Durana eta Maddi Arana gerturatu ziren Musika Bulegoaren izenean Must+Pro topaketetan. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko Musika Bulegoak aurrerapauso bat eman du sektoreari bultzada bat eman nahian. MUST+PRO jardunaldiak antolatu ditu musikaren bueltan lanean dabiltzanentzat topagune berri bat sortu asmoz. Lehenengo edizioa izan da hau eta pozik agertu zitzaizkigun bai Maddi Arana Musika Bulegoko lehendakaria eta baita Iker Durana elkarteko kudeatzailea ere. Eta, gainera, hau lehen edizio bat baino ez dela esan aurreratu ziguten, izaera ibiltaria izango duen topagune honetan aurrera jarraitzeko asmoa erakutsiz.

NAIZ Irratiak espazio bat izan zuen Tabakalerako eraikiniean eta bertatik egin genuen MusikHaria saio berezi bat. Saioaren izaerari eutsiz, Herenegun taldekoak izan ziren ‘Atzera begira’ diskoa aurkeztuz. Beren hamar urteko bidean hirugarren lana dute hau eta, berezitasun moduan, Borja Anton (Marte Lasarte, Skakeitan…) donostiarra izan dute ekoizle lanetan. Jon Oiartzabal eta Telmo Uranga taldekideek goitik behera errepasatu zuten diskoa Iraia Cambra eta Iker Gurrutxagaren galderei erantzunaz.

 ‘Ahotsen atzean’ tartea ere landu genuen MusikHaria berezi honetan eta Iraia Cambrak Marenen ‘Etxien’ eta ‘Haginekaz’ kantuen disekzioa egin zuen zuzenean. Abeslari bizkaitarrak kontatu zigunez, euskaraz konposatzen dabil orain, etxe aldetik dabilen honetan. Horrez gainera, Iker Gurrutxagak mahai-inguru bat ere moderatu zuen saioaren biharamunean, urriaren 1ean. ‘Kontzertu-aretoak vs auto-kudeatutako espazioak: nola izan baliagarriak tokiko sormen-bultzadetarako, eta, aldi berean iraunkorrak, boluntarioen beharrik gabe’ izan zen gai orokorra eta hizlariak, berriz, Gasteizko Jimmy Jazz aretoko Iker Arroniz, Azpeitiko Kulturaz Kooperatibako Eusebio Beloki eta Biarrizko Atabaleko François Maton izan ziren.

Gai anitzak eta hizlari interesgarriak batu zituen MUST+PRO topaketak, eta, horrez gainera, beren musika aurkezteko aukera izan zuten hautatuko bederatzi proiektuk; besteak beste, Korrontzi, Xiberoots, Femme Vocal Jazz edota Mugan taldeek. Goiko aldean entzun dezakezua MusikHaria bereziak eman zuena. Gu, datorren MUST+PRO edizioaren zain geratuko gara.

Jaurlaritza Logoa