En directo

Txapelketa giroan dator bertsoaren udazkena. Abiatu da dagoeneko Bizkaikoa, asteburuan ekingo diote Nafarroakoari eta segidan Xilaba txapelketari; urte berriarekin Arabaren txanda ere izango da.
NAIZ Irratiak leiho berezia eskainiko dio txapelketa garai honi ostegunero 18.00tan, saioetako bertsoaldi hautatuak entzuteko aukera izango da bertan.
Urdulizen izan da Bizkaiko Txapelketako lehen saioa eta bertan Aitor Bizkarra izan da puntu gehien jaso dituena. Abadiñokoak 518,5 puntu jaso zituen eta finalaurrekoetarako txartela eskuan du, dagoeneko. Hurrengo lauen artean kontuak estu, oso: 451 puntu izan zituen Izaro Bilbaok, 447 Mikel Retolazak, 446,5 Koldo Geruzagak eta 445 Garazi Navarrok. Garikoitz Sarriugartek 411,5 puntu jaso zituen.
Hitzordu bikoitza izango du Bizkaiko Txapelketak heldu den asteburuan, larunbatean Lekeition eta igandean Mungian. Gainera, Nafarroako Txapelketako lehen saioa ere izango da, kasu honetan Auritzen.



