En directo

Peli Lekuona | Aritz Santamaria

«Berreskurapenaren alde egindako zikloa amaitu da, beraz, une erabakigarrian gaude»

Euskara «larrialdi linguistikoan» dagoela adierazi izan du Euskalgintzaren Kontseiluak. 113 eragilek sinatuta, Batuz Aldatu dinamika gaurkotu dute, eta euskararen normalizazioaren aldeko hizkuntza-politiketan eragiteko «jauzia egiteko garaia» dela ondorioztatu dute. 

Audio_placeholder

«Berreskurapenaren alde egindako zikloa amaitu da, beraz, une erabakigarrian gaude»

Loading player...
Euskararen biziberritzearen aldeko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza proposamenaren aurkezpena, Batuz Aldatuko Sinatzaileen II. Batzarrean.
Euskararen biziberritzearen aldeko Itun Soziopolitiko berrirako eskaintza proposamenaren aurkezpena, Batuz Aldatuko Sinatzaileen II. Batzarrean. (Andoni Canellada | Foku)

Euskararen biziberritze eta normalizazio prozesuan zirt edo zart egiteko unea da. Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia den Idurre Eskisabelek hala adierazi du NAIZ irratian eskainitako elkarrizketan: «Azken hamarkada eta erdian etena, motelaldia edota larrialdi linguistiko bezalako kontzeptuak erabili ditugu; izan ere, diagnostiko guztiek gure hizkuntzaren alde egindako berreskurapen zikloa amaitu dela erakusten dute». Hortaz, Eskisabelen hitzetan, «une erabakigarrian gaude». 

Diagnostikoa «argia» da, eta Eskisabelek sendagaia zein izan behar duen azaldu du: «Normalizazio eta biziberritze prozesuan aurrera egin nahi badugu,  hizkuntza politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa da». 113 eragilek sinatutako Batuz Aldatuz dokumentuak hori izan nahi du: etorkizuneko hizkuntza-politika berrirako bide-orria. 

Euskarak «paradigma aldaketa» behar duela nabarmendu du, Batera Aldatuz itun sozioekonomikoaren helburua «etorkizuneko euskal gizartean herritar oro euskararen jabe» izatea dela. Horretarako, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkariaren ustez, politika publikoak behar dira, baina ez hori «bakarrik». «Dokumentuak gizarteko eragileei ere eginkizunak proposatzen dizkie», zehaztu du. Ortzi-muga «euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa» izan behar dela azaldu du, hori baita «hizkuntzaren auziari eta hizkuntza eskubideen eskubideei erantzuteko modua». Ezagutzaren unibertsalizazioa «justizia sozialerako giltza» dela gehitu du, euskara bezalako hikuntza minorizatu baten etorkizuna bermatzeko bidea. 

Helduen euskalduntzea eta doakotasuna hizpide, debalde ikas daitekeela onartu duen arren, doakotasun horretara iristeko baldintzen irrigarritasunak «zalantzagarriak» direla adierazi du. Horiek horrela, urratsak eman behar behar direla nabarmendu du, eta euskara ikasi nahi duen orok horretarako aukera izan behar duela aldarrikatu, «beste zailtasunik gabe». 

Bestalde, «itxaropentsu» daudela adierazi du. Izan ere, Euskalgintzaren Kontseiluarekin alderdi politiko «askotik» kezka partekatu dutela azaldu du, eta baikortasun horrek arrazoi bat du: «Alderdi interesak ahazteko gai izango direla uste dugu, politika publiko sendoak aplikatzeko eta paradigma aldaketa horretan egin beharreko urratsak gauzatzeko». 

Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 27an ekitaldia egingo du Bizkaia Arenan, «euskaltzaletasuna berriro aktibatzeko» helburuarekin. «Euskaltzaletasunaren bilgune izan nahi du, euskararen normalizazioa eta biziberritzerako pizkunde berri bat ekarriko digun prozesuaren abiaburu», zehaztu du idazkari nagusiak. Halaber, 2026ko udaberrian bi foro «handi» egingo dituzte, eragile ekonomiko eta politikoekin. Izan ere, Eskisabelek «ezinbestekotzat» jo du eragile horiekin biltzea adostasun oinarria «zabaltzeko». 

Jaurlaritza Logoa