En directo
Zergatik hil zituzten Txiki eta Otaegi? Carrerotik Konstituziora
«Dena lotua» utzi zuela esanda hil zen Franco diktadorea eta asmo hori betearazteko frankismoak emandako urratsen baitan kokatu behar dira 1975eko Txiki eta Otaegiren fusilatzeak, dena jokoan zegoen garaian.
Zergatik hil zituzten Txiki eta Otaegi? Carrerotik Konstituziora

1975eko irailaren 27an fusilatu zituzten Txiki eta Otaegi. Lau egun beranduago hilketa hauek aldarrikatzeko ekitaldi jendetsua antolatu zuen frankismoak Madrilen. Oriente plazako Erret Jauregiko balkoira agertu zen Franco, bere oinordekoa izango den Juan Carlos Borboikoa alboan zuela. Diktadorearen azken agerraldi publikoa izan zen, zazpi astera eman zuen azken arnasa.
ETAko bi militanteen eta FRAPeko hiruen hilketak salatzeko nazioartean izan ziren protesta izugarriek ez zutela bidetik aterako nabarmendu zuen Francok. Sei urte lehenago irudikatu zuten bide horren gidalerro nagusia. 1969an zin egin zituen ‘Movimiento Nacional’ delakoaren oinarriak Errege tituluarekin Francoren oinordeko izango zen Juan Carlos Borboikoak, «dena lotuta eta ondo lotuta geratu da» esan zuen ekitaldi hartan diktadoreak eta urte amaierako mezuan berretsi zuen.
Frankismoa bere amaiera ari zen prestatzen, 40 urteko diktadura gidatu zuten berberen eskutik. Gerra irabazi ostean Franco bera izan zen Espainiako Gobernuko presidentea, harik eta 1973ko ekainean Luis Carrero Blanco almirantea izendatu zuen arte. Heriotzari begiak ikusten hasia zegoen diktadorea eta gerra garaitik albo-albokoa izan zuen militar baten eskutan utzi zuen trantsizioa izan behar zena zaintzeko ardura.
Baina, ezustean urte asko ez zela Euskal Herrian sortu zen mugimendu berri batek hankaz gora bota zituen diktadorearen asmoak. Presidente izendatu eta sei hilabete eskasera ETAk Carrero Blanco hil zuen, ekintza ikusgarri batean.
Ikusgarria, eta espero gabekoa. Berehala irten zen erbestean zegoen Jesus Maria Leizaola lehendakari jeltzalea hori ez zela euskaldunen kontua izan esatera, eta Espainiako alderdi komunista, CIAren esku hartzeak eta halakoak aipatuz. Egun hartan, Madrilgo Claudio Coello kaleko sotoaren inguruan zeudenak, ordea, Jose Miguel Beñaran ‘Argala’, Javier Larreategi ‘Atxulo’ eta Jesus Zugarramurdi ‘Kixkur’ ETAko militanteak ziren.
Bost urte lehenago izan zen Burgosko auziaren ondoren (entzun hemen ‘Burgosko prozesua podcasta’) Frankismoak ETArenak egin zuela uste zuen, baina «hark bumeran efektua izan zuen, epaituak gu izatetik guk frankismoa epaitzera pasa ginen», Itziar Aizpuruak ‘Haustura ala erreforma’ podcastean gogoratu duenez. Epaiketa haren ondotik ETAra militante piloa sartu zirela dakar gogora Carrerorena izan zenean espetxean zuten Aizpuruak.
«Gernikako seme-alabak» zirela aldarrikatzen zuen belaunaldia da Aizpuruarena, 36ko gerra eta frankismoaren urte luze eta ilunak atzean utzi eta Euskal Herriarentzat susperraldi berri bat bilatu zuena. Carreroren aurkako ekintzaren ostean errepresio urte oso gogorrak izan ziren eta testuinguru horretan sortu zen KAS plataforma lehenbizi eta izen bereko alternatiba ondoren.
Atzoko eta gaurko gudariak
KAS Alternatiba (1976) garai hartako «haustura ala erreforma» dileman haustura demokratikoaren alde egin zutenen bilgune bilakatu zen. Hala gogoratu zuen NAIZi eskainitako elkarrizketan Jose Manuel Pagoaga ‘Peixoto’ garaiko ETAko militanteak. 76 hartan bere etxera deitu zituen Peixoto eta Argala Telesforo Monzonek. Agirre lehendakariaren gobernuko kide izan zen jeltzalea, segurtasunaz arduratu zen 36ko altxamendu faxista eman zenean. Bere sinadura daramate 70eko hamarkadako euskal gudu kantu nagusiek, tartean ‘Txikia’ ezagunak, 1973an hil zuten Eustakio Mendizabal ETAko militanteaz mintzo dena. Kantuan Monzonek Kandido Saseta 36ko Euzko Gudarosteko komandantearen heriotzarekin lotzen du, bi belaunaldiren arteko lotura eginez, kantua idatzi zuenean lotura hori erabat egina ez bazuen ere, Peixotok gogora dakarrenez:
«Argala eta biok deitu gintuzten bere etxera. Sartu eta berehala hasi zen KAS Alternatibaren alde sutsuki hitz egiten. Argalak esan zion ia ez zuen uste hori publikoki esan beharko zuela. Hark, bera abertzalea zela lehenbizi, kristaua gero eta demokrata azkenik, eta kristau izaerak eragozpenak sortzen zizkiola gurekin bat egiteko. Gutxira, Argala zutitu eta esaldi bakar hau abestu zion, ‘Mendizabal, Sasetaren hurrena…’. Eta orduan Monzonek; ‘eskerrik asko, nire hitzekin bidea argitzeagatik’». Peixotok zioen bere ustez une horretan sortu zela Telesforo Monzonek horren ezagun egingo zuen «atzoko eta gaurko gudariak» esamoldea.
36ko gerran galtzaileen artean egon eta 70eko hamarkadan ETAren inguruan edo gertuan aritu zirenean artean Monzonena da izen ezagunena, baina ez bakarra, PSOEren, PCEren edo anarkisten mugimenduetan aritutako izen ezagun askok egin baizuen hautu berbera, hausturaren aldekoa eta honen alde ari zenarekin lerratzekoa.
Frankismok etsai nagusi berri bat zuen. Gerra ostean makiak izan ziren, ondoren komunistak eta 70eko hamarkadan sartuta euskal erresistentzia, nagusiki. Ez da harritzekoa, beraz, trantsizioa deitu zutenean Euskal Herrian izatea Espainiako boterearen esku hartze bortitzenak.
Erreformari bizkarra eman eta hausturaren alde tematzen zirenak adostutako bidera sartzea zuen helburu errepresioak. Testuinguru horretan «eredugarri» izan nahi izan zuten Txiki eta Otaegiren fusilatzeek, «betiko euskal borrokalariaren figura» ordezkatzen zuen Angel Otaegik garaian errepresioaren aurkako lanean aritu zen Augustu Gil Matamala abokatu kataluniarraren esanetan, «euskal askapen borrokara batu zen maketoarena» Txikik. Iñaki Egaña historialariak ere hala nabarmendu du, «zergatik Txiki? Apurtzen zuelako erregimenaren diskurtsoa: ‘euskaldunak dira xenofoboak, separatistak... eta begira, hemen dago gazte bat Extremaduratik etorri eta gainera ETAn sartu da’».
Elementu asko daude Txiki eta Otaegiren hilketak ez zirela ausaz aukeratutakoak izan erakusten dutenak. Horren adierazle prozedurak muturreraino behartu zituztela bi ETAko militanteak eta FRAPeko hiruak azkar eta egun berean hiltzeko.
Indarrez ezarria
Lausoa da urte horietan gerra zikinaren eta «garbiaren» arteko muga. Francok berak ofizialki agindu zituen Txiki eta Otaegiren fusilatzeak, baina hiru hilabete lehenago bere batailo ekintza egin zuen Batallon Vasco Español deiturikoak, Josu Urrutikoetxea ETAko militantearen aurkako bonba-lapa jarrita Lapurdin.
Poliziak jo zuen Gasteizko langileen aurka 76ko martxoaren 3an, bost hildako eta dozenaka bala zauritu eraginez, «sarraski erabatekoa» egin zutela aitortu zuten poliziek euren irrati emisoran. Manuel Fraga Iribarne zen orduan Agintaritza ministro espainiarra eta hala justifikatu zuen poliziaren esku hartzea: «Agerikoa da une honetan planteamendu utopikoak ez direla onargarriak eta gobernuak ezin dituela onartu, eta hori da egun hauetako lezioa».
Urte bereko maiatzean Jurramendin karlisten deialdiaren altzoan oposizio antifrankista guztia elkartu zen, han ere egurra eta bi hildako eta hainbat zauritu eragin zituzten, kasu honetan indar polizial eta parapolizialen konibentzia argian. 1978an Sanferminetako gertakari larriak izan ziren, Iruñean bertan German Rodriguezen heriotza eragin zutenak, «gureak akatsak dira, eurenak krimenak», esanda justifikatu zuen esku hartze hura Rodolfo Martin Vila orduko Espainiako Barne ministroak.
Trantsizioa deitu zutenaren testuingurua ulertzeko gertakari paradigmatikoak dira Gasteizkoa, Jurramendikoa eta Sanferminetakoa; hala azpimarratu du Iñaki Egañak: «Hildako edo zauritu asko eragitea da helburua; esanez, ‘bidea markatu dugu eta bide horretatik ez doanak mendekua jasango du eta gizartearen babesa baldin badu, orduan helburua gizarte osoa izango da’». Historialariak azpimarratu du ez zirela «atentatu itsuak izan, helburuak ondo markatuak zituzten, plan bat zegoen» eta plan horren jopuntuan abertzaleak, langileak eta herri mugimendua zeuden.
Bide beretik egin du hausnarketa Floren Aoizek (Iratzar fundazioa) ere: «Haiek diote, ‘ez genuen 36ko gerra irabazi gero gerra gabe lortutakoa galtzeko’». Aoizek nabarmendu du erreformak irabazi zuela, eta hausturak galdu, baina ezin dela hori ulertu estatuaren biolentziari erreparatu gabe, «kasu batzutan helburu zehatzak daude, militante zehatzak, baina beste batzutan nabarmena da norbait hiltzea bilatzen dutela. Zergatik? Erakusteko ez zutela mugarik eta edonor izan zitekeela, jendeak ulertzeko ‘ni izan naiteke’. Bazekiten horrek posizioak eraldatzen dituela, zuk sentitzen baduzu beldur hori agian mugatu behar dituzu zure espektatiba politikoak, eta maila batean lortu zuten».
Txiki eta Otaegiren fusilatzeak aldarrikatzera Oriente plazan atera zen Juan Carlos Borboikoak berberak baieztatu zuen Espainiako Konstituzioa 1978ko Inuxente egunaren bezperan., «dena lotua eta ondo lotua» zegoela esanez 1969an Francok iragarritakoa betez.







