En directo
'Popel' lanak historia bat kontatzen du. Unai Egiak Enric Moner deportatuaren bilaketatik abiatutako historia. Izan ere, Javier Cercasen ‘El impostor’ eleberria irakurri ostean, bere bilaketa propioa abiatu zuen Enric Monerrekin zer gertatu zen jakiteko. Eta hari horretatik tiraka ezagutu zuen Anton Gandarias. Espainiako Gerra Zibilean erbestera ihes egin ondoren naziek harrapatu zuten Anjel Lekuonaren historia ikertzen ari dena. Biak ari zirelako hari berberaren atzetik. Eta bien artean tiraka, espero ez zuten kontu bat topatu zuten. Hala topatu zuten František Suchy eta bere familiaren historia, 2.000 biktima baino gehiagoren errautsak salbatu zituztenak. Hori esan nahi baitu popel hitzak, errautsa txekieraz.
Eta hau guztia jakitean hasi zen Oier Plaza proiektu hau prestatzen. Horretarako, ilustratzaile txekiar batzuk baloratu ostean, etxera buelta egin eta Kote Kamatxorekin jarri zen kontaktuan. Lan luzea egin dute bien artean. Kotek kontatu digunez, normalean minutu bat ilustratzeko hilabete behar izaten du lanean. Hau izan da inoiz egin duen proiektu luzeena. 13 minutu ilustratu behar izan ditu Popel proiekturako, eta lan handia izan den arren, oso gustura gelditu dira biak emaitzarekin.
'Popel' filmaren bitartez, memoria historikoa jorratzeko aukera izango da egun hauetan. «Urtero egin beharreko ariketa bat da memoria historikoarena. Egunero landu behar da».


