En directo

Garai hura gogoratu, egungoa ulertu, eta etorkizunaz hausnar egiteko erakusketa ibiltaria. Erakusketak gure herriaren ikuspegitik, urte hartan gertatutakoaren memoria jaso eta gaur egunera dakar, trantsizio espainiarrak Euskal Herriaren bilakaeran izan zuen eraginaz gogoeta egiteko elementuak ematearekin batera. Baina nondik hasi memoria horren kontakizuna?
Mende erdia beteko da irailaren 27 honetan, Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik. Argi ikus daiteke 1975. urtea dela erakusketako urterik esanguratsuena. Baina garai hartan izandako bizipen guztien artetik, batzuk kanpoan utzi behar izan dituzte. Andoni Olariagak, Iratzar Fundazioko kideak, argi du hori izan dela haien buruhauste handienetako bat, fokua non jarri erabakitzea.
15 panelez osatutako erakusketa honetan ordea, abiapuntua askoz lehenagokoa da. 40. hamarkadakoa zehazki. Izandako fusilamendu eta heriotza guztiak, erbestea, kontzentrazio esparruak, ume galduak edo bahituak... honek guztiak kulturalki eta politikoki suposatu zuena Euskal Herriarentzat. Horrek baldintzatu zituen hurrengo hamarkada guztiak, eta beraz abiapuntua bertan kokatzea beharrezkotzat jo zuten.
Gerraosteko 50eko hamarkada horretan Frankismo betean oraindik, argi printzen motibazioa edo palankak zein izango liratekeenaren galdera, uste baino sinpleagoa baina aldi berean zailagoa da erantzuten Olariagarentzat.
«Azken finean herri bat altxatu zen momentu batean. Bazegoen subjektu nagusi bat Euskal Herrian, baina erbesteratuta zegoena, oso pasiboa, ez ziona ortzi-muga eraldatzaile bat eskaintzen herri bati. Eta herri honetako gazte sektore bat saiatu zen etsipen hori hartu eta iraultzen. Orduan sinplea da, azaltzeko sinplea delako. Baina konplexua da, mundu mailan bazeudelako iraultza saiakera asko. Eta Euskal udaberri horretako gakoetako bat izan zen Euskal Herriarentzat propioa izango zen zerbait eraikitzen jakin zutela. Hasiera beltz horren ondoan argi izpi bat txertatu nahi genion».
Paneletan aurrera joan ahala, denboran aurrera egiten da historian barrena. 1975 hartako irailaren 27 hark, badu zer kontatua.
«Panel honetan egun fatidiko horretan sartzen gara. Jon Paredes Manot ‘Txiki’ 21 urterekin, Cerdanyola de Vallesen, Guardia Zibilaren pelotoi batek, Eusko Gudariak abesten zuen bitartean, balazoz hil zuten. Eta egun berean, Burgosen, Angel Otaegi hil zuen Guardia Zibilaren beste pelotoi batek. Hemen ez gara horrenbeste sartzen, baina egun berean Hoyo de Manzanaresen, FRAPeko hiru militante hil zituzten. Ondorioa hori da. Mobilizazio handiak egon ziren, hau bertan behera uzteko eskaerak ere egon ziren, baina Francoren azken exekuzio hauekin, Euskal herriari beste mezu bat bidali nahi izan zion. Eta izan zen: Bide hori hartzen duzuen guztiok ondorio hauek izango dituzue. Orain dakigula ordea, bi militante hauek hiltzea lortu zuen, baina ez zuen lortu Euskal Herriaren askatasun gosea etetea».
Historiako denbora lerro edo bidaia honen amaieran, azken panel bat ikus daiteke. Bertan, gaur egunetik garai horrekiko egiten den irakurketa ikus daiteke. Aukera leiho bat aipatzen du Olariagak. Eta argi dio: «Guri tokatzen zaigu gaur egun, lotuta utzi zituzten korapilo horiek askatzea, eta gure herriari zerumuga bat eskaintzea».


