En directo

Hegoi Belategi
NAIZ Irratia

«Alderdien arteko lehia» batasun independentistarik gabeko Diada berri batean

2017ko Urriaren 1eko galdeketaren emaitza ezin gauzatzeak, bi mutur ezberdinetan utzi ditu masa independentistak, Bartzelonako Unibertsitateko Ander Errastiren arabera; «frustraziora» edota «lasaitasunera» jo dutenak. Diadaren egunean, Kataluniako egoera soziopolitikoaren analisia egin du Errastik. 

Audio_placeholder

«Alderdien arteko lehia» batasun independentistarik gabeko Diada berri batean

Loading player...
Etengabe hazi den Aliança Catalanaren xenofoboaren Diadako ekitaldia.
Etengabe hazi den Aliança Catalanaren xenofoboaren Diadako ekitaldia. (Lorena Sopena. | Europa Press)

Ez da hain beste denbora pasa Processaren baitako mobilizazio nazional erraldoi horietatik irailaren 11n, Diadan, baina urruneko oroitzapena dirudite, alderdi independentisten egungo egoera eta euren arteko harremanak ikusita. Generalitatean sendo dagoen Salvador Illa batekin heltzen da 2025eko Diada, noraezean (batzuk besteak baino gehiago) dabiltzan alderdi subiranistekin eta egoera honetaz baliatzen ari den eskuin muturrarekin; katalana bereziki. «Alderdien arteko lehia gailendu» dela aipatzen du Bartzelonako Unibertsitatean doktore eta Errektoretzako Kabineteko buru den Ander Errastik, eta horrek ezinbestean «mobilizazioan» eragin duela. 

Kataluniako egun nazionalean Naiz Irratira ekarri du Errastik egoera politiko eta sozialaren azterketa: «nahiko agerikoa da Urriaren 1eko egitasmoa bertan behera geratu zen unetik aurrera, gizarte zibilak ez duela oraintxe bertan oso argi ikusten zein izan daitekeen ondorengo jomuga eta horrek mobilizazioa gutxitu egiten du. Eta gero, bestetik, ezin da ukatu ere inolaz ere, Kataluniak bizi izan duen jazarpen egoerak aktore instituzionalei ere euren posizionamendua leuntzera eraman diela, bai Esquerra eta bai Juntsen kasuan, baina baita CUPen kasuan ere».

Bi alderdi independentista handienei begira, ERC eta Juntsen xedea «boterea eskuratzea dela» ekarri du gogora Bartzelonan lan egiten duen euskal irakasleak edo gutxienez, «boterea eskuratu euren proiektu politikoa aurrera eraman ahal izateko». Aintzat hartuta historikoki oso ideologia ezberdinak eduki dituztela, normala da helburu independentista atzean utzi ostean, bi alderdion posizioak urruntzea. Izan ere, ezberdintasun nabarmenak dituzte hainbat gai garrantzitsuetan bi alderdiek: migrazioaren kudeaketa, enplegu politikak, Bartzelonako aireportuaz edota Israelgo Estatuaren aurrean eduki beharreko jarreraz. Une honetan, nahikoa dute euren epe motzeko helburuak betetzearekin: oinarri sendo bat egonkortzea ERCk eta normalizazio politikoa, buruzagia oraindik erbestean duen Juntsek. 

Mehatxuak eta aukerak

Errastirentzat «zilegi» da ezberdintasun horiek azaleratzea eta posizio ezberdinak egotea. Baina Generalitatean dagoen alderdiaz eta bereziki eskuin muturretik agertu den mehatxuaz ez ahazteko eskatu du, «ur mugitu horietan» ari delako «arrantzatu nahian» Silvia Orriolsen Aliança Catalana. «Berehala ikusi zuten hizkuntza, migrazio eta gizarte berdintasunari dagokienez diskurtsoak sortzen hasteko unea agertu zela eta horretan euren erantzun populista-autoritarioak ipintzen hasi ziren», azaldu du Errastik. 

2017ko Urriaren 1eko galdeketaren emaitza ezin burutzeak, ulergarria den «frustrazioa» ekarri zuela dio Errastik eta oinarri independentista bi zatitan banatu zuela. %20-25 batean kokatzen du «haserrera» egin dutenen portzentajea eta uste du hauxe dela Aliança Catalanaren arrantzategi nagusietakoa. Aldiz independentismoaren zatirik handiena, «lasaitasunera edo ironia puntu batera» joan dela ondorioztatu du, gaur gaurkoz, apurketa hori posible ez dela sinetsita. 

Edozein kasutan, egoera hau aldakorra da, gertakari politiko, ekonomiko eta sozial ezegonkorren menpekoa. Beraz, desegokia litzateke pentsatzea kataluniar independentismoa hilik dagoela Bartzelonako Unibertsitateko Ander Errastik dionez, «uste dut diagnostikoan hanka sartze nabarmena egingo litzatekeela pentsatuko balitz gizarte katalanaren portzentaje nabarmen hau independentista izateari utzi diola edo estatuarekin duen gatazka albo batera utzi duela». 

Jaurlaritza Logoa