En directo

Hegoi Belategi | Malen Frantsesena

«Jendearen bizitza hobetzeari eman behar diogu lehentasuna»

François Bayrou eta bere murrizketak atzera bota ostean, Macroni hauteskundeak deitzea eskatu diote Batzar Nazionaleko talde politiko gehienak. Honetaz hitz egiteko NAIZ Irratian izan da EH Baiko kide eta Batzar Nazionalean Fronte Popular Berriaren baitako diputatua den Peio Dufau.

Audio_placeholder

«Jendearen bizitza hobetzeari eman behar diogu lehentasuna»

Loading player...
Peio Dufau, EH Bai alderdiko kidea
Peio Dufau, EH Bai alderdiko kidea (Patxi Beltzaiz)

Frantziako lehen ministroko kargudun bezala azken eguna izan zuen astelehenean François Bayrouk, aurreikuspen guztien arabera konfiantza mozioak aurrera egin ondoren. Batzar Nazionaleko 365 diputatuk konfiantza mozioaren kontra egin dute, eta 194k babestu dute. Beraz, 280 bozkak gainditurik Frantziako lehen ministroak dimisioa eman beharko du eta gobernua desegin, konstituzioak hala agindurik.

Honen inguruko sentsazioez galdegitean, EH Bai alderdiko Peio Dufauk argi utzi du ez direla pozik atera ebazpen honetatik: «Ez gara pozik ateratzen, nahiago genuke norbait izan bertan hitz egiteko prest, haien politika ultra-liberala, orain arte aplikatzen dutena, mugiarazteko eta aldaketa bat emateko».

Bayrouk agintaldia «tranpak eginez» igaro duela eta orokorrean eskurik luzatu ez duela dio Dufauk. Hala, urtarrilean aurrekontua aurkeztutakoan esan bazuen ere erretreten erreformaz hitz egingo zutela, «bere hitzak jan zuen eta ez zuen batere errespetatu esandakoa». Eta horrek ondorioak ekarri dizkio, bozkak ikusi besterik ez dago; oposizioak aurka egin zuen, baina bere alderdietan batzuk oposizioaren bide bera jarraitu zuten. «Atzo ere, horiek aipatzen duten gehiengoan, aunitzek kontra edo zuri bozkatu zutela. Eta horrek erakusten du orokorki, oposizioek kontra egin dutela baina bere alderdian edo alderdietan, zentristen artean, batzuek ere oposizioa bezala egin dutela».

Lehen ministro nor izendatzen dutenaren arabera, Peiok adierazi du, EH Baik erabaki bat hartzeko aukera izango dutela negoziazioei dagokionean, eta momentuz argi dute, jendartearentzat aterabideak behar direla, eta elkarrizketarako bidea landu behar dela: «EH Bairekin hori dugu helburu, horientzat lan egitea eta gauzak hobetzea jendartearentzat. Eta bereziki gure lurraldean».

Amaitzeko, gehitu nahi izan du, nahiz eta batzuk dioten ezin dela ezer egin, badela eredu bat. Bere garaian laborantza lurrak babesteko lege bat idatzi eta bozkarazi zuen Dufauk, eta bertan hiru diputatuk soilik egin zuten kontra: «Horrek erakusten du eskuinarekin ere lan egin nuela bere garaian, eta denen onerako lortzen ahal direla akordioak. Orduan, eredu bat bada, baina gogoa eskasa da, eta uste dut hori dela lehentasuna eman behar dioguna, jendartearen bizia hobetzeari».

Jaurlaritza Logoa