En directo

Aritz Santamaria
NAIZ Irratia

Boiseko haurrak euskalduntzeko erronka

Euskal Herritik kanpo dagoen ikastola bakarra dugu Boisekoa. Amets bat jarraitu nahian, boluntario talde baten ekimenari esker 1998ko urrian martxan jarri zen Boiseko Ikastola, eta geroztik bertako haurrak euskalduntzen dihardute. Udane Madariaga, Ikastolako irakaslea, NAIZ Irratian izan da.

Audio_placeholder

Boiseko haurrak euskalduntzeko erronka

Loading player...
Boiseko Ikastolako ataria.
Boiseko Ikastolako ataria. (NAIZ irratia)

Guraso talde batek euskal ondareaz harro eta euren umeek euskaraz ikasteko nahian, Boiseko Ikastola sortu zuen, amets hori errealitate bihurtuz. 27 urte igaro dira, eta urte luze hauetan haurrak euskalduntzeko erronkari ekin diote. Gehiago jakiteko Udane Madariaga, Boiseko ikastolako irakasleak, NAIZ Irratiko galderak erantzun ditu.

Euskal Herritik at dagoen ikastola bakarra da Boisekoa, eta hori «ekinez eginez baino» lortu dutela adierazi du Madariagak. Hain zuzen ere, «ezina ekinez egina» da ikastolaren leloa; «ibilbide luze honen adierazle» dela azaldu du irakasleak.

Euskal jatorria duten ikasleek ez ezik, Euskal Herriarekin loturarik ez duten ikasleek ere ikastolan ikasten dute, eta hori «lorpen handia» dela nabarmendu du Madariagak. «Lan eginez lortu dugu euskal kulturara gerturatzea, eta askotan gure kulturarekin maitemintzen dira», azpimarratu du.

Ikastola sortzeko zergatiaz galdeturik, erantzun gordina eman du Madariagak: «Zergatik bakarrik etxean egin kanpoan ere egin ahal dugunean?». Izan ere, ikastola sortu zen garaian euskaldun asko zeuden Boisen, baina euskara etxeko mugen barruan itotzen zen. «Hori izan zen ikastola sortzeko arrazoi nagusia», gehitu du. Ikastola sortu zuten gurasoen «lan miresgarria» goraipatu du.

Ikastolaren egunerokotasuna ere azaldu du irakasleak, eta horretan lan handia egiten du Patxi Ardiak. Aurten iritsi den panpina da, eta etxez etxe bidaia egiten du, umeak eta gurasoak euskalduntzeko helburuarekin.

Agenda, uztailak 30

Gaur bigarren eguna du Jaialdiak, eta zenbait ekitaldi ikusteko aukera izango dute Boisera etorri direnek. Basque Blocken, musika, dantzak eta janaria izango dira eguneko protagonistak.

Bestalde, Boiseko State Unibertsitateak Basque Week delakoa antolatu du, eta euskal asteak gaur izango du hasiera. Euskal Diaspora eta Kultura Adierazpenei Buruzko Nazioarteko Sinposioa prestatu dute asteazken eta ostegun artean, makina bat ekitaldirekin, besteak beste, mintzodromoa.

Osteguneko saioan, Ziortza Gandarias sinposioaren zuzendaria izango dugu NAIZ Irratian, eta Iñaki Arrietak Lexun-marrak proiektua aurkezteko denbora eskainiko digu.

Jaurlaritza Logoa