En directo
Kooperatuz sariak III. edizioa bete du aurten. Barne begirako (izaera demokratikoari saria) eta kanpo begirakoak (komunitate eta beste kooperatibekiko lankidetza eta interesa saria) banatu dira, hurrenez hurren, Tantai Baso Jabe Kooperatibari eta Aiaraldea Kooperatiba Elkarteari. Gelditu makinak saioan izan ditugu Dornaku Lantz (BDS Koop), Markel Arriolabengoa (Tantai Baso Jabe Kooperatiba) eta Ander Huidobro (Aiaraldea Kooperatiba Elkartea).
Bi egitura eredugarriri eman diete saria, nork bere alorrean erreferentziazko izan daitezkeen ezaugarriak dituelako. Jasotako sariak are balio handiagoa du Lantz aditu ondoren, bi kooperatiba horien merezimendua argia bazen ere, saritzeko moduko beste hainbat enpresa aurkeztu direlako.
Izaera demokratikoari saria jaso du Tantai kooperatibak. BDSKoopeko kideak azaldu duenez, «kooperatibako figura desberdinen erabakiguneen arteko koordinazio eredugarria duen enpresa da, hala nola, sarrera librea, kudeaketa demokratikoa, parte-hartze ekonomikoa, autonomia eta independentzia, modu eredugarrian garatzen ditu bere eguneroko jardunean». Horri dagokionez, Arriolabengoak ere baieztatu du kooperatibismoak aukera ematen duela «horizontaltasuna garatzeko eta lan harreman osasuna beste maila batera eramateko».
Komunitatearekiko lankidetza eta interesa saria Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak irabazi du. «Komunikazio proiektu herritar honen bidez, Aiaraldeko garapen sozial eta ekonomikoan errotutako ekimen sendoa osatu dute. Hezkuntza, prestakuntza eta informazioa lehenetsiz, eta kooperatiben arteko elkarlana sustatuz, eraldaketa sozialaren aldeko proiektu eraginkorra bihurtu da» aurkeztu zuen Lantzek sari banaketan eta Gelditu Makinak saioan berretsi egin du, «Aiaraldeak lurraldetasunari begira duen planteamendua deskomunala da».
Sari hauen bidez aupatu nahi izan dituzte kooperatibismoaren oinarrizko balioak eta baita har ditzakeen forma juridikoen zabaltzea egin ere. EAEn, enpresen % 10 da kooperatiba, nahiz eta S.L. formako enpresa batzuk kooperatiba izaera izan eta alderantziz, horregatik, Lantzek uste du estatistika horiek ez dutela guztiz islatzen egungo egoera. Antzeko zerbait gertatzen da kooperatiba iruditeriarekin ere, eskala handikoak baitatoz lehen kolpean. BDSKoopeko kideak argitu duenez, «Olatukoopen eta REASen bidez ordezkatuta gauden enpresa eta sare asko gaude, bestelako eremu batean ari garenak. Kooperatiba txikiak, batik bat, saretzen eta txikian aritzeko dugun gaitasunean gorputz bat egin dugunak». Duela 12 urte inguru hasi eta, gaur egun arte, «gorpuzten eta handitzen doan eredua da, gero eta presenteago egongo dena eta horretan ari gara lanean. Kooperatiba ereduak asko du emateko zenbait gatazkaren aurrean herriaren berraktibazioari begira».



