En directo

NEREA:
Kaixo, Ander.
ANDER:
Egun on, Nerea.
NEREA:
Kontu zail bat argitu nahi dut gaur zurekin. Olentzero... gurasoak al dira?
ANDER:
Ba... nik ez dakit ezer, e! Ez nazazu endredatu.
NEREA:
Batzuek esaten dute garai batean txorimalo bat zela Olentzero. Beste batzuek esaten dute ikazkina dela. Eta gaiztoenek esaten dute... gurasoak direla.
ANDER:
Olentzero pertsonaia mitologiko bat da; edo, nahiago baduzu, folkloreko pertsonaia bat. Zein da bere funtzioa? Festa egitea: ospatzea.
NEREA:
Lesakan aspalditik tradizioa handia dauka Olentzerok. Eta Euskal Herrian forma eta kantu ezberdinekin ezagutzen da.
ANDER:
Galizian ere badaukate halako bat.
NEREA:
Benetan?
ANDER:
Apalpador deitzen diote han. Olentzeroren antzekoa da Apalpador: ikazkina eta bizartsua. Hemen bezala, berdin ospatzen dute Galizian.
NEREA:
'Oles' hitzetik omen dator Olentzero. Hau da: oles egin, agur egin, diosala egin, etxe bateko atarian agurtu.
ANDER:
Onentzaro izena ere entzunda daukat nik. Eta esaten dute 'on' eta 'aro' hitzen elkartzetik datorrela. Eta, beraz, 'aro ona' iragartzen du.
NEREA:
Solstizioaren ospakizuna da. Eguzkia berriz ere denbora gehiagoz ikusten hasiko garen aroa, eguna luzeagoa izaten hasiko den aroa: aro berria eta zorionekoa.
JUAN INAZIO HARTSUAGA
NEREA:
Juan Inazio Hartsuaga linguista eta antropologoari ulertu diot Europa iparraldean berdintsuak direla pertsonaiak. Esan du «gauza beraren beste errepresentazio bat» dela Olentzero.
ANDER:
«Gauza berdina» eta «gauza bera», diferenteak al dira adierari dagokionez?
NEREA:
«Bera» eta «berdina» hitzak sinonimotzat jotzen dituzte euskaldun batzuek. Baina beste askok bereizi egiten dituzte.
ANDER:
Olentzero eta Apalpador pertsonaia berdinak dira, baina ez dira pertsonaia bera.
NEREA:
Hain zuzen, zuk egin duzun bezalaxe bereizten ditugu 'bera' eta 'berdina'. Nik ipiniko dut beste adibide bat: «Bizar berdina dute Apalpadorrek eta Olentzerok, baina ez dute izen bera».
ANDER:
Berdin hitzak adierazten du antzekoa. Horregatik, esatea bazeneukan: «Bizar antzekoa dute Apalpador eta Olentzerok».
NEREA:
Berdintsu hitza ere erabiltzen dugu. Eta esan nahi du oso handia dela antzekotasuna: «Bizar berdintsua dute».
ANDER:
Berdintsu adierazteko, guk paretsu hitza esaten dugu sarritan. Honela: «Gizentasunean paretsu daude Apalpador eta Olentzero».
NEREA:
Antzeratsu ere entzun izan dut nik, eta esan nahi du «gutxi gorabehera antzera». Gauza bera adierazten du berdintsu hitzak: «Gutxi gorabehera berdin».
JUAN INAZIO HARTSUAGA
NEREA:
Argitu dezagun orain nola erabiltzen den bera hitza.
ANDER:
Bart gauean ikazkin bat etorri da gure etxera, eta gizon bera zuen etxera. Beraz, ez dira bi gizon ezberdin izan, bat baizik.
NEREA:
Apalpador eta Olentzero ez dira herrialde berekoak; bat Galiziakoa da, eta bestea Euskal Herrikoa.
ANDER:
Olentzero eta Onentzaro pertsonaia bera dira. Izenak pixka bat ezberdinak diren arren, bakarra da pertsonaia, eta ez bi.
NEREA:
Hiru forma hauek erabiltzen ditugu: gauza bera, gauza berbera eta ber gauza.
ANDER:
Funtsean ospakizun berbera dira Olentzero eta solstizioko jaia.
NEREA:
Ber gauza ospatzen da Europan: neguko solstizioa.
ANDER:
ZER IKASI DUGU GAUR?
NEREA:
Egun bera edo berbera direla igandea eta domeka, asteartea eta martitzena.
ANDER:
Eta berdinak direla oso antzekoak diren bi gauza.
NEREA:
Aizu, Ander. Beti kontu berdinez mintzatzen direnak ez al zaizkizu aspergarriak iruditzen?
ANDER:
Nire lagunak beti taberna berean elkartzen dira, baina dibertigarriak dira.
NEREA:
Zure lagunek eta nireek aldi berean ospatzen ditugu jaiak, baina ez ditugu modu berdinean ospatzen.
ANDER:
Gure etxean antzekoak dira Gabon gaueko afaria eta Urtezaharrekoa. Egia, esan berdintsuak.
NEREA:
Agur, Ander. Egun ona pasa.
ANDER:
Baita zuk ere.


