En directo

Iraia Cambra | Peli Lekuona

«Jende gehiago dago hiltzeko zorian, umeak izateko adina daukatenak baino»

Eustaten azken datuek erakusten dute Euskal Autonomia Erkidegoan populazioaren egitura errotik aldatzen ari dela: gero eta gutxiago jaiotzen dira, heriotzak gehiago dira, eta emakumeak beheranduago izaten dira ama. Egoera hau agerian uzten du Jose Javier Zurikaraik: «Hilzorian gauden gehiago gara».

Audio_placeholder

«Jende gehiago dago hiltzeko zorian, umeak izateko adina daukatenak baino»

Loading player...
Jose Javier Zurikarai
Jose Javier Zurikarai (Emakunde)

2024. urtean, EAE osoan 9.464 heriotza gehiago izan ziren jaiotzak baino. Datu horiek berresten dute azken urteetan sendotu den joera: euskal gizartea zahartzen ari da, eta erritmoa ez da moteltzen ari. NAIZ Irratian egon da Jose Javier Zurikarai Eustateko kordinazio tekniko eta difusioko zuzendariordea, eta azaldu duenez, «gaur egun 65 urtetik gorako pertsonak ia %24 dira, eta 19 urtetik beherakoak %18. Nagusiak gehiago dira gazteak baino».

Demografiaren bilakaera grafikoan ere argi ikusten da aldaketa. Piramide formako grafiko klasikoa zuhaitz baten forma hartzen ari da: «Gaur egun grafikoa zuhaitz bihurtu da, baina zuhaitza enborra bihurtuko da. Beheko aldea gero eta estuagoa da, eta goialdean dago pilaketa handiena», dio Zurikaraik. Horrek esan nahi du belaunaldi zaharrak ugaritzen ari direla, eta belaunaldi berriak, berriz, gutxitzen.

Aldaketa hau ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen. Zurikaraik nabarmendu du antzeko prozesuak gertatzen ari direla Europa osoan, baita beste herrialde garatu batzuetan ere: «Zahartze prozesu bat aurreikusten da Afrikako hainbat herrialdetan edo Asian baita ere, nahiz eta erritmo desberdinetan gertatu».

Zahartzearen arrazoietako bat jaiotza kopuruaren jaitsiera da. 2011tik 2024ra, jaiotzek %39 egin dute behera. Horri gehitu behar zaio heriotza kopuruak gora egin duela azken urteetan, eta gaur egun, ia hamarkada batez, urtero gehiago direla hiltzen direnak jaiotzen direnak baino. «60, 70 eta 80ko hamarkadetan egoera oso bestelakoa zen: jende gaztea gehiago zegoen, eta jende nagusi gutxiago. Orain, aldiz, alderantzizkoa gertatzen ari da», dio Zurikaraik.

Bestalde, ama izateko adinak ere gora egin du nabarmen. 2024an, amen %77,9k 30 urte baino gehiago zituzten. «Ez da soilik joera bat, egiturazko aldaketa bat baizik», dio Eustateko zuzendariak. Gaur egun, emakume gehienak 30 urtetik gorakoak dira ama izaten direnean, eta batez besteko adina 33,3 urte ingurukoa da. «Azken hamar urteetan, ia urte oso bat egin du gora».

Zurikaraik adierazi du joera horrek hainbat arrazoirekin duela zerikusia. Alde batetik, 20 eta 30 urte bitarteko emakume kopurua txikiagoa da, eta 30etik 40ra artekoa, berriz, handiagoa. Baina, horrez gain, gizartearen konplexutasunak, lan-merkatuan sartzeko zailtasunek eta bizi-proiektuaren beraren aldaketek ere eragina dute: «Jende gazteak beste espektatiba batzuk ditu gaur egun, eta mugarri batzuk —hala nola ama izatea— atzeratzen dira».

Jaiotza kopurua mantentzeko faktore garrantzitsua bihurtu da atzerriko jatorriko amen parte-hartzea. 2024an, %29,5 ziren jatorri atzerritarreko amak. Datu esanguratsu batzuk eman ditu: «2000. urtean Marokoko nazionalitatea zuten amen artean 60 jaiotza izan ziren; 2023an, berriz, 627. Kolonbiarren kasuan, 52tik 351ra igo da kopurua».

Zurikaraik ohartarazi du nazionalitatearen irakurketak kontu handiz egin behar direla, batez ere Hego Amerikako herrialde askotan Espainiako nazionalitatea lortzeko prozesuak arinagoak direlako: «Horrek esan nahi du datu ofizialetan espainiar nazionalitateko amen artean agertzen diren asko, jatorriz, atzerritarrak direla».

Azkenik, Eustatek aurreikusten du 15 urte barru EAEko hiru biztanletik batek 65 urte edo gehiago izango dituela. Horren arrazoi nagusietako bat da bizi-itxaropenaren gorakada. «Bizi-itxaropena handitzen ari da, baina ez da infinitua. Gaur egun 100 urte betetzen dituen pertsona batek oso zaila dauka beste bost urte bizitzea. Hor muga biologiko batzuk badaude», adierazi du Zurikaraik.

Gizartea zahartzen ari da, eta horrek ondorio sozial, ekonomiko eta sanitario ugari ditu. Erronka horiei aurre egiteko politika publikoak behar dira, baina Zurikaraik ohartarazi du: «Fenomeno demografikoek epe luzeko hausnarketa eta estrategia eskatzen dute. Ez dago konponbide azkarrik».

Eustateko zuzendariaren hitzetan laburbildu daiteke testuingurua: “Hilzorian gauden gehiago gara”.
















Jaurlaritza Logoa