En directo

ANDER:
Egun on, Nerea.
NEREA:
Kaixo, Ander. Zer ari zara, liburu bat irakurtzen?
ANDER:
XX. mendeko emakumezko pintore famatuei begira nabil. Hemen daude Helen Frankenthaler, Alice Neel, Frida Kahlo, Tamara Lempicka, Sonia Delaunay... Eta zu, zertan?
NEREA:
NAIZ Irratian Bilgune Feministako bi neskari entzuten egon naiz. Ainhoa Olaso eta Elene Lopetegi.
ANDER:
Gogoratzen al zara zein urtetan eratu zen Bilgune Feminista?
NEREA:
Orain dela hogei urte pasa, 2002an. Erakunde feminista eta abertzalea da. Euskal Herri osoan zabalduta dago haren egitura.
ANDER:
Zeri buruz mintzatu dira Olaso eta Lopetegi?
NEREA:
Badakizu Martxoaren 8ko gai nagusietako bat zaintza izan zela.
ANDER:
Bai, noski. Aspalditik lantzen jarduten duten gaia da.
NEREA:
Irratian esan dute zaintza sistemak jendartea estrukturatzen duela.
ANDER:
Zaintza zentzu oso zabalean hartzen dute orduan.
NEREA:
Hala da. Jendearen zaintza, komunitatearen zaintza, gure lurraren zaintza eta abar.
ANDER:
Azken batean, zaintzaren sistema berri bat proposatzeko ahalegina da.
NEREA:
Denok eduki behar genuke zaintzarako eskubidea. Eta eskubide kolektibo hori bermatzeko, baldintza duinak antolatzen hasi beharra dago.
ANDER:
Badirudi zaintzaren sistema publiko bat egituratzea dela alternatiba.
AUDIOA - AINHOA OLASO
ANDER:
Zaintzari buruz mintzo zela, Ainhoa Olasok aipatu ditu zaharrak eta haurrak. Eta zahartzaroa eta haurtzaroa ere bai.
NEREA:
Batzuentzat ez da erraza bereiztea noiz garen gazteak eta noiz helduak.
ANDER:
Garbi dagoena da zaharrak ez direla gazteak. Hain zuzen, antonimoak dira bi hitz horiek.
NEREA:
Esan dezagun adin handikoak direla zaharrak.
ANDER:
Adinak ongi bereizten ba al dakizu zuk?
NEREA:
Adin txikikoak dira haurrak eta umeak. Adingabeak ere esaten da. Horien beste muturrean daude adin handikoak edo zaharrak.
ANDER:
Tartean daude gazteak. Hau da: gazte jendea edo gazteria.
NEREA:
Halako batean, gaztetxoak izatetik adin nagusikoak izatera igarotzen gara. Adin nagusikoa da eskubideak eta erantzukizun publikoak izateko unera iritsi den pertsona.
ANDER:
Ordenatu itzazu, mesedez, txikitik handira.
NEREA:
Lehen adinekoak dira haurrak eta nerabeak. Bigarren adinekoak dira gazteak eta helduak. Eta hirugarren adinekoak dira zaharrak.
ANDER:
Eta orduan, zaintzari dagokionez, nork zaindu behar ditu batzuk eta besteak?
NEREA:
Denok parte hartu behar dugu zaintzan. Denoi komeni zaigu zaintza demokratizatzea, eta zaintzaz ez arduratzea beti emakumeak.
ANDER:
Itxura guztia du zaintzaren sistema publikoa izango dela soluzioa.
AUDIOA - ELENE LOPETEGI
ANDER:
Zahartzaroa eta haurtzaroa dira bizialdi zaurgarrienak. Horietan ongi antolatu behar dira zaintza lanak.
NEREA:
Haurtzaroa bizitzaren lehenengo aldia da, jaiotzatik gazte bitartekoa. Umezaroa ere deitzen zaio.
ANDER:
Nerabezaroa kanbioen garaia da: pubertaroarekin hasi eta gorputz aldaketa nagusiak gertatu artekoa.
NEREA:
Gaztaroa esaten diogu haurraren eta helduaren arteko bizialdiari. Gazte denboran egiten ez ditugun festak gero ez ditugu egin ahal izango. Aprobetxatu gaztetan!
ANDER:
Heldutasun garaia da helduaroa. Garai horretan pertsona guztiek gazteak izaten segitzeko itxurak egiten dituzte.
NEREA:
Zahartzaroa bizitzaren azken zatiari esaten diogu. Inork ez du zaharra izan nahi, baina denek erretiroa hartu nahi izaten dute.
ANDER:
Zer kasi dugu gaur?
NEREA:
Urtaroak bezalaxe, hitz ezberdinez izendatzen ditugu adin aroak.
ANDER:
Gizon zaharrari agurea deitzen zaio, eta emakume zaharrari, berriz, atsoa. Baina gero eta gutxiago entzuten dira hitz horiek.
NEREA:
Lagun zaharra da aspaldiko laguna. Eta euskaldun zaharra da haurtzarotik euskalduna dena.
ANDER:
Pertsona maltzurrari deitzen zaio azeri zaharra.
NEREA:
Eta nola esaten zaie inork ezagutzerik nahi ez dugun kontuei?
ANDER:
Trapu zaharrak!
NEREA:
Bihar arte, Ander.
Hemen aditu dezakezu Elene Lopetegiri eta Ainhoa Olasori egindako elkarrizketa.


