En directo

Oiartza Pampliega eta Marko Ganuza

Ardoaz gozatzeko ibilbideak, Txekiar Errepublikatik Arabako Errioxaraino

Udaberriko eguraldi goxo eta eguzkitsua profitatuz, gero eta jende gehiago ikusten da terrazetan eserita, pintxoren bat hartzen edota ardoa edaten. Txekiar Errepublikan hasi eta Arabar Errioxan amaituko dugu bidaia hau.

Audio_placeholder

Ardoaz gozatzeko ibilbideak, Txekiar Errepublikatik Arabako Errioxaraino

Loading player...
Sonberk mahasti ikusgarriak, Txerkiar Errepublikan
Sonberk mahasti ikusgarriak, Txerkiar Errepublikan (Oiartza Pampliega - Furgo Bidaiak)

Hamaika aitzaki bila daitezke bidaia bat egiteko, adibidez, munduko ardoak dastantzea. Hala egingo dugu NAIZ Bidaiari saio honetan. Txekiar Errepublika hegoaldean hasiko dugu bidaia, Mikulov ardoaren ibilbidearekin,  oinez, bizikletaz nahiz autoz egin daiteke eta bidean zehar Moraviako ardo zuri goxoenak ezagutzeko  aukera ematen du. Euskal Herrira itzulita, ordea, Arabako Errioxan zehar bidaia zoragarria gomendatuko dugu Euskal Herriko upategi eta ardo beltz preziatuenak ezagutzeko.

Mundu orok daki Txekiar Errepublika Pilsen garagardoengatik aski ezaguna dela eta bereziki Budvar garagardoarengatik. Gutxi batzuk dakite, ordea, Txekiar Errepublikan kalitate handiko ardoa ekoizten dela, bereziki ardo zuria. Horregatik, Pragako monumentu, zubi eta plaza eklipsatzaileetatik hatago, Txekiar Errepublika herrialde ezin hobea da enoturismoaz gozatzeko zein ardo berriak ezagutzeko. Horretarako, zer hoberik baino Moravian zehar road trip bat egitea baino?

Hegoaldeko Moravia leku ezin hobea da bertako ardoaren esentzia ezagutzeko; izan ere, mahastizaintzako eta ardogintzako eremu horretan Txekiar Errepublikako mahastien % 96a biltzen da. Gainera,  1.200 km baino gehiagoko ibilbideek mahastiz betetako zelaiak  zeharkatzen dituzte, sei ibilbide enoturistiko bilduz. Ibilbide horiek aproposak dira familian txangoak egiteko, mendi-ibilaldiez gozatzeko edota bizikletaz pedalei eragiteko. Baina, nahi izanez gero, gure erara ere egin dezakezu: autokarabanara igota.

Road trip honetarako Moraviako ibilbide ederrenetarikoa hautatu dugu: Mikulov ardoaren ibilbidea. Upategi familiarrak, jauregiak eta mahastiz betetako muino leunaz gozatuko dugu bidean. Hori gutxi balitz, Lebnice eta Valtice jauregiak ere bisitatuko ditugu eta 'Europako Lorategia' ezizenez ezaguna den UNESCOren izendapena duen paisaia eta kultura-eremua zeharkatuko dugu.

Mikuloveko ardoaren ibilbidea hasteko lekurik aproposena Valtice gazteluko eta jauregi barrokoko upategia da. Bertan, Txekiar Errepublikako Ardoen Aretoa kokatuta dago eta Txekiar Errepublikako ardo onenen dastaketa egin daiteke. Ondoren, ezinbesteko paseoa egin behar da Lebnice eta Valtice gazteluak banatzen duen Kultur Paisaia oinez edo bizikletaz zeharkatuz . Ibilbideak, monumentuz, kaperaz eta eraikin bitxiz zipriztindutako Europako parkerik bereziena ezagutzeko aukera ematen du.

Arabar Errioxako ardo beltza
Txekiar Errepublikako ardo zuri gozoenak dastatu ondoren Euskal Herriko ardo beltz preziatuenak ezagutzeko gonbita luzatu nahi dizuegu Bastida, Eltziego, Navaridas, Eskuernaga eta Guardia herriak zeharkatuz.

Arabako Errioxa Arabako zazpi koadriletako bat da eta Euskal Herriko eremu ikusgarrienetakoa bat paisaiari dagokionean. Gainera, Toloñoko gailurretatik Ebroren ertzeetaraino zabaltzen diren lur emankorretan munduko ardorik onenetarikoa egiteko behar diren baldintzak ematen dira, Errioxa Jatorri Izendapena duten fruituak hazi eta heltzeko.

Bastidan, armarriz jantzitako etxez zipriztinduriko kaleetan zehar paseatzea plazer hutsa da. Guztien artean, Salazar, Paternina eta Garaizabal familien jauregiak nabarmentzen dira. Izan ere, Urrezko Aroaren ondorioz, Bastida oinetxe gehien biltzen duen eskualdeko herria baita. Horregatik, herriko beheko aldean, benetako Multzo Artistiko Monumentala biltzen da.

Toloño mendiaren oinetan ibiltzeko gogoa baduzu, ordea, Matxinbrao ibilbidea gomendatzen dugu. Toloñoko arkuan hasten da eta belar usaintsuz beteriko bidezidorra zeharkatzen du, ezkaia, izpilikua edo kamamilaz beteta. Mahastien eta baratzen artean doan bidearen edertasunaz gozatuz, San Gineseko atsedenlekura iristen da. Ibilbidearen zati honetan gainera,  Bastidako Pedro Pablo artistak aire zabalean sortutako 20 eskultura bitxiren bilduma ikus daiteke.

Matxinbrao ibilbidea Kristoren elizan amaitzen da eta bertatik, aipatu dugun bezala, Bastidako ikuspegi zoragarria dago. Baina, Arabar Errioxan gaude eta ardoa dastatzera ere etorri gara, horregatik, ez gara Bastidatik joango Aimarez upategia bisitatu gabe. Aitor eta Iñaki anaien upategi familiar honek 2014. urtetik apustu sendoa egiten du euren ardoak ekoizteko. Horretaz gain, Tierra upategiak ere bisitatu beharrekoak dira. Bertako ardoek eta XV. mendeko upategiko kalatuek zur eta lur utziko zaituzte eta.

Mokadutxoa hartu nahi izanez gero, Frontin kalera hurbiltzea komeni da Bastidako pintxorik goxoenak dastatzeko: Begotxu tabernako piper beteak primerakoak dira eta gainera lasai eska dezakezu euskaraz. Autokarabanaz bidaiatuz gero, gogoan izan Bastidako autokarabana gunea ederki hornituta dagoela.

Bastidatik, Eltziegora egin dugu, Arabako Errioxako Turismo Bulegoak proposaturiko 'Mahastien artean' ibilbidea egin dugu bertan. Sei kilometroko ibilbidea da, gutxi gorabehera eta Ardogileei eskerrak eman behar zaizkie euren mahastien artean bidea emateagatik eta baimentzeagatik.
Ibili eta gero gosetzen bagara, Barrihuelo gozodenda eta okindegian buñuelo goxoak eta merenge itzelak eros ditzakegu. Tartea izan dugu Navaridas eta Santa Eulalia nekropolia bisitatzeko. Giza itxurako hilobi multzo handiak dira non heldu nahiz haur lurperatu baitziren. Eskuernagan, armarriz jantzitako oinetxe ederren artean paseatu gara. Ondoren, herriko dendan etxean egindako txorizoa edota egurrezko labean egindako ogia erosteko tartea izandugu.

Bisitatu dugu Guardia, Hondarribia eta Artziniegarekin batera, Euskal Herriko Erdi Aroko herri ederrenetarikoa da. Arabako Errioxaren bihotzean kokaturik dago, muino baten puntan, garai bateko Nafarroako erregeek lurralde honetako mugak defendatzeko agindu izanaren seinale. Hortik datorkio ere Guarda edo Guardia izena. Ibilbidea hasteko Paganos atetik sartzea egokiena da, herrian mantentzen den bost ateetako ederrena da eta herriari sarbide nagusia ematen diona. Harresian barrena, harrizko kale estuetan zehar ibiliko gara eta tarteka-marteka egurrezko atetzarrak erakusten dituzten oinetxe dotoreak topatuko ditugu.

Jaurlaritza Logoa