En directo

Peli Lekuona-Ramon Sola
Entrevista
Bingen Zupiria
Lakuako Segurtasun sailburua

«Indarra erabiltzeko legitimitatea du Ertzaintzak, baina indarra ezin da indarkeria bihurtu»

Amaya Zabarteren kasua edota Errekalden egindako oldartzea baloratu ditu Bingen Zupiria sailburuak NAIZ Irratian. Kezka onartu du orokorrean, baina kasu zehatzetan erantzun argirik eman gabe. Rosa Zarra biktima gisa aitortu izanak ere zalantzak sortu dizkio, baina «azken hitza hori da; kitto».

Audio_placeholder

«Indarra erabiltzeko legitimitatea du Ertzaintzak, baina indarra ezin da indarkeria bihurtu»

Loading player...
Bingen Zupiria Segurtasun sailburua, Naiz Irratian.
Bingen Zupiria Segurtasun sailburua, Naiz Irratian. (Gorka Rubio | Foku)

Bingen Zupiria, Lakuako Segurtasun sailburua, NAIZ Irratiko mikrofonoen aurrean izan da asteazken goiz honetan. Hain juxtu ere, Iñigo Cabacas Ertzaintzak jaurtiriko pilotakada baten ondorioz hil zen egun berean, duela hamahiru urte. Horretaz galdetuta, Cabacas gogoan duela aipatu du Zupiriak. Emandako epaia bertan delarik, «biktima izan zen eta ez luke berriro gertatu beharko», adierazi du.

Bortizkeria poliziala ez zen harekin amaitu, ordea. Elkarrizketan zehar bi kasu berriri buruz galderak luzatu zaizkio Ertzaintzaren arduradunari. Ez du erantzun argirik eman Zupiriak, ez batean ez bestean.

Amaya Zabarte Real Sociedad-PSG iazko norgehiagokaren aurrean izandako oldartzean zauritua izan zen. Bizitza osorako lesioak geratu zaizkio, sendagileek ohartarazi dutenez. Astelehenen honetan deklaratu du azkenik auzitegian. «Amaya Zabarte biktima izan zen», onartu du Zupiriak, baina zalantza airean utzi du, buruan Ertzaintzaren pilotakada bat jaso zuen edo beste norbaitek jaurtiriko zerbait izan ote zen.

Hori argitzea «bidezkotzat» jo du Zabartek auzitegira jo izana: «Guztiz ulertzen dut». Gogoan hartu behar da hasiera batean Donostiako instrukzio epaitegiak ia ikerketarik gabe itxi zuela auzia eta Gipuzkoako Auzitegi Probintzialak berrabiatzeko agindua eman duela. Orain arte ez dute ertzain bakar bat ere auzitegira deitu, ez auzipetu gisa, ezta lekuko gisa ere.

Errekalden barrabila galdu duen gizonak «ez du Ertzaintzarekin hitz egin nahi izan. Itsu moduan gabiltza. Salaketa aurkezteak lagunduko liguke»

 

Bestalde, aurreko astean Errekalden Etxarri gaztetxea hustu aurretik izandako istiluen ondorioz barrabil bat kendu behar izan diote 33 urteko gizon bati. Ertzaintzak nahita bertan pilotakada eman ziola salatu du honek hedabideetan. Zupiriak esan duenez, Ertzaintza ahalegindu da gizonarekin hitz egiten baina berak «ez du nahi izan». Salaketarik ere ez omen da. Gauzak honela, «oso zaila da gai hau argitzea, salaketarik ez bada. Horrek lagunduko liguke. Itsu moduan gabiltza bestela». Gertatutakoa «edozer dela ere, lehenbailehen osatzea opa diot», erantsi du. 

Errekaldekoarekin jarraituz, gomazko pilotak erabili zirela zabaldu da sareetan, teorian Iñigo Cabacasen heriotzaren ondoren alboratutako materiala izan arren. Sailburuak zehaztu duenez, gailu horiek ez daude guztiz debekatua. Instrukzio berria egin zen 2012eko tragedia haren ostean eta bertan «mailakatuta» agertzen da zer erabili behar den eta zein egoeretan: «bastoiak», foamezko pilotak, gomazkoak... Azken hauek jaurtitzeko, egoera erabat justifikatuta egon behar dela aipatu du Zupiriak. «Nik dakidala, ez ziren Errekalden erabili», bukatu du, baina hala ere barruko ikerketa abian dela zehaztu du, eta ondorioz ez du aukera hori guztiz ukatu.

Bi irakurketa orokor egin ditu Segurtasun sailburuak bi kasu hauek baloratu ondoren. Lehena, kanporantz kritikoa: «Gizartearen gehiengoak ez du normaltasunez ikusten denbora gutxian Bilbon birritan ikusi diren irudiak: Athletic-Roma partidaren ondoren lehenik eta joan den ostegun arratsaldean Errekaldekoa gero».

Bigarren, barrura begira izan da, eta zertxobait autokritikoa dirudi: «Guk indarra erabiltzeko lejitimitatea eman diogu Ertzaintzari, baina indarra ezin da indarkeria bihurtu».

Biak uztartuz, hausnarketa hau utzi du Bingen Zupiriak: «Arazo batzuk baditugu eta denon eginkizuna da arazo horiek bideratzea».

Rosa Zarrari buruz: «Balorazio Batzordea sortu bada eta azken hitza berea bada, puntu! Hori betetzea, besterik aukerarik ez dut»

 

Ertzaintzarien bortizkerari lotutako beste kasu bat izan da hizpide azken egunetan, bestalde, baina ez oraingoa, duela 30 urte jazotakoa baizik: Rosa Zarra pilotakada baten ondorioz hil zela egiaztatu da ofizialki, bere garaian Juan Maria Atutxa buru zuen Barne Sailak ukatzen tematu zen arren. Ertzaintzaren inguruko zenbait ahotsek aurreko bertsio ofizialari eutsi nahi izan diote ondorio hauen ostean ere. Horretaz galdetuta, indarkeria politikoko eskubide bortxaketen Balorazio Batzordeak erabakitakoa «hankaz gora jarri ditu beste epai batzuk», nabarmendu du hasieran Bingen Zupiriak. «Baina Balorazio Batzordea sortu bada eta azken hitza berea bada, punto! Hori betetzea, besterik aukerarik ez dut, eta horrela adierazi diot familiari».

Blue Lives Matter eta udalen deialdiak

Ertzaintzaren barruan ultraeskuineko joera nabariak dira eta hau ere mahai gainean jarri zaio sailburuari. Zehazki, Blues Lives Matter mugimenduari lotutako sinbologia agerikoa da zenbait polizikideengan. Zupiriaren ustez, hau ez da Ertzaintzaren berezko arazoa, «gizarte osoarena» baizik: «Gure gizartean jende gazteenaren artean denetako joerak dira eta hori Ertzaintzaren barruan ere islatzen da».

Ikur horiek ezin ote diren debekatu planteatu zaio Lakuako agintariari eta zaila dela aipatu du. Argudiatu duenaren arabera, badira aurretik ere «marrazki, tatuajeak eta abar» erakustea eragozten duten araudiak, baina betearaztea gero eta nahasiagoa da, tatuajeen erabilera ugaldu delako, gehienbat.

«Selezkio prozesuak oso modu argian eta zehatzetan egitea da inportantea. Eta formazio egokia jasotzea akademian dauden bitartean», adierazi du. Sinbolo horien erabilera zigortzen ote den galdetuta, azkenik, «baietz esango nuke baina ez nuke eskua sutan jarriko», erantzun du.

Gai gehiago ere jorratu ditu sailburuak elkarrizketan. Udaltzainek su-armak erabili behar dituzten ala ez sortutako ikamikari buruz, «alkate batek ezetz uste badu, idatziz justifikatu behar duela» azaldu du Zupiriak. Armarik ez eramateko salbuespenak legez onetsita daudela eta argudiatu behar direla aipatu du.

EH Bilduren alkatetza duten zenbait udalek deialdi propioak abiatu dituzte azken boladan, bestalde. Prozedura hori «nik ez dut zalantzarik jarri nahi –erantzun du–. 2012ean onartu zen Legean finkatuta dago, eta gero etorri zen Udal Legean ere bai. Udalen eginkizunak eta gaitasunak hor daude. Udalen autonomia bertan da. Beren selekzio prozesuak egiteko gaitasuna dute. Legeak erabaki duenaren barruan bada, ez dago arazorik. Beste gauza bat da horrek merezi duen ala ez, baina ez naiz horretan sartuko».

Alkate batzuk nabarmendu dutenez, deialdi hauek abiatzeko arrazoietako bat udaltzain izan nahi duten lagunen falta da, Arkautiko Akademiatik pasatzen diren gehienek hiru handiak nahi omen dituztelako. Ez dela Ertzaintzari bakarrik eragiten dion arazoa zehaztu du sailburuak: «Herri txiki askotan medikuak falta dira, ikastetxeetan herrian bertan bizi diren maisuak nahiko genituzke... baina jendeak bere aukeraketak egiten ditu. Eskaintza erakargarriak egin beharko dituzte udalek», planteatu du.

Eskumenen alorrean, indar polizi espainiarrekin arazorik ote den galdetu zaio Bingen Zupiriari, eta honek Gernikako Estatutuan nork bere egitekoa ondo zehaztua duela aipatu du. «Baina beti gertutik jarraitu beharreko gaia da hau, erresistentziak egon badaudelako. Portuetako eskumenarekin ikusi da. Legea betetzea dagokigu guztioi eta horrekin esijenteak izatea Madrilgo Gobernuaren aurrean», aitortu du.

Euskalduntzeari dagokionez, egin nahi duen ertzainak «baliabide guztiak ditu», ziurtatu du. Egoera positiboki baloratu du, kritika ugari eragin arren: «Gero eta gehiago dira B2 maila eskuratuta iristen diren pertsonak», esan du, eta horretan aurrera egiteko ahalegina egiten ari direla erantsi du.

Plusen bidezko soldata igoeren alde

Azken gai garrantzitsua, Segurtasun Sailaren alorrean, ertzainek beren lan hobekuntzak lortzeko garatu duten protesta luzearena da. Beren diru etekinak nabarmen igo dira akordio baten ostean, zenbait sindikaturekin sinatua, baina beste batzuentzako ez da nahikoa oraindik. Zupiriak azaldu duenaren arabera, «argi eta garbi adierazi genien soldata ezin genuela legeak agintzen duenaren gainetik igo».

Gauzak horrela, hainbat plus igotzeko erabakia hartu zuen Sailak («produktibitatea...»), nabarmen igotzeko ere (urtero 4.200 euro gehiago ekarriko dio ertzain bakoitzari, gutxienez). «Izoztuta zeuden eta gaurkotu ditugu –defendatu du–. Beste arlo batzuetan negoziazioa horrela planteatzen bada, aurrera».

Jaurlaritza Logoa