En directo

Seigarren greba eguna burutu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Publikoko irakasleek. Greba jardunaldiaren «balorazio positiboa» egiten dutela adierazi du Lorea Igartuak, LAB Irakaskuntzako kideak, bosgarren eta seigarren greba egun hauetan %75eko jarraipenaz hitz egiterakoan. «Atzoko mobilizazioan, Bilbon, milaka irakasle batu ginen eta greba eta piketeetan jarraipen zabala jasotzen ari gara. Indartsu gaude, eta aurrera egiteko gogotsu».
Greba jardunaldiaren arrazoiei dagokionean, argi azaldu du Loreak lan zama geroz eta handiagoa dutela irakasleek, eta ordu pila-bat burokratizazio lanetan joaten zaiela: «Paperen artean galtzen dugu eguna». Ikasleak erdigunean jartzearen beharra ere azpimarratu du, baita arreta haiengan jartzearen beharra ere.
Hori gutxi balitz argi azaldu du, Hezkuntza Sailak izandako jarrerak, giroa «berotu» duela, besteak beste, familiei bidalitako gutunekin edo eta ezarritako gehiegizko zerbitzu minimoekin: «Ikusten dugu horrek grebarako eskubidea mugatzen duela, eta greba desitxuratzen duela».
Hezkuntza Sailak proposatu duen aurreakordioaren hutsuneei dagokionean, argi utzi dute hutsune nagusia akordioa proposatzearen arrazoia dela, baita aurreakordioak duen osaera falta ere: «Akordio hau helburu bakarrarekin proposatzen dute, grebak bertan behera geratzea». Horren aurrean argi utzi dute, haien helburua ez dela hori, eta bermeak lortu arte lanean jarraituko dutela. «Greba tresna bat da lan hitzarmena bere osotasunean sinatzeko, eta bermeak lortu arte lanean jarraituko dugu»


