En directo

Zerikusi gutxi dute Orio herriak eta 20 milioi biztanle inguru dituen Delhiko gune metropolitanoak; baina hemendik aurrera biak izango dira nolabait lotuak zinemagintzari esker. Noida, Delhitik 30 bat kilometrora dagoen 600.000 bat biztanle dituen hiria da, ezaguna besteak beste, bertan urtero egiten den Zinema Festibalarengatik. Oriotar gutxik esperoko zuten beraien herriaren historiaren zati bat biltzen duen 'Errio' ikus-entzunezkoari dokumental onenaren saria emango ziotenik. «Zerbait ikusiko zuten gu ezagutu gabe lan hau saritzeko», azaldu du Ibon Gaztañazpi zuzendari oriotarrak. Delhi Berrian izan ostean, Rajastan estatuko Jaipur hiritik hitz egin du Naiz Irratiarekin, ibilgailu eta Rickshaw ospetsuen klaxon zaratak girotuta.
«Harrituta» dago oraindik Gaztañazpi, «munduko beste bazter batean» halako «errekonozimendua» jasotzeagatik. Hasieratik «harrera ona» izan zuelako dokumentalak, Orion bezala baita Durangoko Azokan ere. Baina Noidako Zinema Festibalean aurkeztu zutenean, zaila zen aurreikusten dokumentalentzako sari nagusia emango zietenik. Bizitzen ari direna barneratzeko tarterik izango dute oraindik, martxoaren 8an izango baita Noidako festibalaren 12. edizioko sari banaketa.
Ikusleak 'Errio' dokumentalean zer topatuko duen galdetuta, «hurbilketa bat baino ez da Oria ibaiaren behekaldera, guk errio deitzen dugun inguru horretara», erantzun Ibon Gaztañazpi zuzendariak, «jakin bagenekien hor bere garaian bazeudela askotariko ondareak. Baina ikertzen hasi garenean harrituta gelditu gara zenbat dagoen eta batez ere, zenbaterainokoa den gure ezjakintasuna».


