En directo

Osoko bilkura istilutsuaren ostean, ez zuten aukerarik izan bertaratutakoekin patxadaz hitz egiteko. Jose Manuel Villanueva Oiongo alkateak NAIZ Irratian kontatutakoaren arabera, plenotik irtetean askoz astunago bilakatu zen giroa. Kideei buruz dio suposatzen duela ez dutela haiekin hitz egin nahi, baina haiek prest daudela lasai azaltzeko gertatu dena eta egin behar izan dutena.
Egin beharrekoa, egina; Udalaren irizpidea, kontrakoa. Alegazioak jarri zituzten EH Bildutik, «haien protesten ildotik; paisaia, multzo artistiko monumentala eta herriko hesi sarituak babesteko. Horrelako haize-errotak jartzeko eskatzen duguna da dena arautu eta ordenatzea. Behin araututa eta esaten denaren arabera ikusiko da zein errota, zein distantzia eta zein altuerara ezarri».
Datuak mahai gainean, hurrengo pausoak emateko
Alderdiari, Oiongo idazkari interbentoreari zein bufete bati eskatu zieten aholkua. Eragile horiek igorritako hiru txostenek gauza bera esaten zuten: «Urbanismoa oso desberdina da. Dena behar bezala araututa egonez gero, Udalak ezin dio horri ezetz esan, gu behartuta geunden baiezko botoa ematera». Bestela, prebarikazioa eta inhabilitazioa etorriko lirateke, eta Villanuevak dio ez daudela horretarako prest.
Aurreko legegintzaldian beste udal taldeak aurreraturiko lanak eta arautzea baldintzagarriak izan dira oraingo jardun politikorako, eta orain diputatu nagusiak esan du elkarren ondoan aritu direla lanean EH Bildukoak Iberdrolarekin. Alkateak, ordea, dio gezurra dela; legearen barruan lan egin dutela uneoro.
«Haiek dira enpresarekin aritu direnak», esan du. «Ari gara, orain gelditzen zaiguna da onura ekartzea. Badakit jendea ez dagoela oso pozik; batez ere Labrazan. Barriobusto beste administrazio batzar baten parte da, eta bertan bai, parkeak ekarriko dizkien etekinen alde daude».
Informazio falta eta arduren eskualdatzea
Zortzi errota aurreikusten dira Labrazako parkean, 200 metrokoak. Burutu beharreko lanen inguruan, baina, informazio gutxi jaso du Villanuevak.
Hori bai, susmoa du obra erraldoia izango dela; izan ere, errotak osatzen dituzten zutabeak eta hegalak garraiatzeko bakarrik bideak egokitu behar dira, eta lan horien prezioa 50 milioi euro inguruan kokatuko da. Ikusteke dago non jarriko dituzten, lehen aerosorgailuek arazoak sortu ostean. «Gauza asko entzun ditut egun hauetan eta orain esaten ari dira txikiagoak direla. Ikusi beharko dugu, oraindik ez dute lana egiteko baimenik eskatu».
Prebarikazioaren beldurra berriro piztu daitekeen galdetuta, esan du obrarako baimena eman behar dela oraindik, eta dena legearen barruan egotekotan ezin dutela ezezkorik eman. Plan bereziaren behin betiko kalifikazioa izango da gakoa.
«Gu oso udal txikia gara, nahiz eta Arabako laugarren edo bosgarren herria izan. Horrelako erabakiak izapide administratiboa dira; Eusko Jaurlaritzak txostenak eman eta onartu egiten ditu, baina gero guri dagokigu prozesua amaitzea. Eurek eman beharko liokete behin betiko onarpena, baina guri egokitu zaigu».


