

En directo 00:00h - 02:00h
Bigarren Kafea (Errepikapena)
02:00h - 03:00h
Bideokluba
03:00h - 05:00h
Zebrabidea (errepikapena)

Tokiko monetaren ezarpenerako lehen urratsak Gipuzkoako Oarsoaldean zein Nafarroako Baztanen emango dituzte, baina Baigorrin berriki izandako bilkuran aztertu nahi izan dute zazpi probintzietan martxan jar daitekeen eta garapenean zein urrats eman behar diren.
Euskal Moneta sortu zutenean, hasieratik jasota zuten estatutuetan eta asmoetan Euskal Herri osoko tokiko moneta izateko helburua zutela. Sustraiak ongi errotu ditu Ipar Euskal Herrian Euskoak, eta lehen urratsak emateko asmoa dute: «orain hori nolabait gorpuztu dugu Hego Euskal Herrian Gizarte Monetaren elkartearen izenean, esperientzia pilotoak abian jarri eta bertara zabaltzeko prozesua martxan jartzeko».
Baztan eta Oarsoaldea aukeratu dituzte, Lapurdi eta Behe Nafarroatik gertu eta haiekin lotura duten herritarrak eta enpresak baitaude inguru horietan. Bata Nafarroaren administrazioan dago, bestea EAEren barruan. Bi eredu desberdin dira, Baztan nekazal eremukoa eta biztanle gutxiagokoa; Oarsoaldea urbanoagoa eta industrializatuagoa.
Bi esperientzia horietatik ondorioak atera asmo dute, Hego Euskal Herriko bestelako eremuetan nolako metodologia erabili beharko luketen zehazteko. Hala, gune desberdinak aztertu eta ezaugarritu nahi dituzte «geroko zabalkundeari eta etorkizunean irudikatu beharreko bideari begira», ez direlako gauza bera biztanleria urriko landa-eremuak edo oso urbanoak direnak.
Lanketa propioak egingo dituzte; ez da Euskoa hartu eta kopiatzearena, lekura egokitu behar da lehenik. Prozesu parte hartzaileak izan behar dute, bertako herritarrekin, eragileekin eta administrazioekin. Proposatzen duten «gobernantza eredu partekatuaren» baitan, askotarikoak lirateke parte-hartzaileak: bertako herritarrak, eragile ekonomikoak zentzurik zabalenean, eragile sozialak eta administrazioak (udalak, kasu honetan).
Euskoaren iragana eta etorkizuna
Euskoa tokiko monetarik handiena da Europan. 4,3 milioi eusko daude zirkulazioan, euro baten baliokidea da. Ipar Euskal Herrian erabiltzaile, enpresa, udal eta beste erakundeen artean 6.000 erabiltzaile ditu. Eredu bikaina da eta hortik erreferente bezala hartuta tokian tokiko prozesuetara egokituko da.
Tokiko monetak ehun soziala laguntzeko balio du, eta tokiko ekonomia sustatzeko. Izan ere, %3ko ekarpen soziala dauka, «alegia, nik 100 eusko gastatzen baditut, horietatik hiru nik erabakitzen dudan eragilearentzat izango dira», azaldu du.
Ipar Euskal Herrian 2024 urtean 75.000 eusko banatu dira 55 elkarteren artean, beraz, «badu eragin sozial bat. Komertzioan, baina baita gizarte, kultura zein kirol eragileen artean ere». Horregatik diote elkarte bultzatzaileetatik gizarte kohesioan ere eragin dezakeen tresna dela, euskoaren funtzionamenduak baduelako lotura balore batzuekin.
«Euskoak bere sorreratik lotura izan zuen tokiko ekonomiarekin; hori berezkoa du, tokiko moneta batek tokiko ekonomia indartzen duelako, zirkuitu itxi bat sortzen du eta diru hori bertan geratzen da», adierazi du Intxaustik.
Lehen urratsak emanda, asmo handiko helburuetara jauzi egiteko prest daude, beraz.