En directo
Afera publiko egin zenetik urtebetetik gora pasata hasiko da datorren asteartean (hilak 14) Mario Lopez Lointek Gernika saskibaloi taldeko entrenatzaile eta kirol zuzendari ohiaren aurkako epaiketa Bilbon, adingabea zen jokalari bati sexu abusu jarraituak egitea egotzita. Epaiketa ateak itxita egingo da biktima babesteko. Era berean, halako epaiketek suposatzen duten birbiktimizazio arriskuaren aurrean, babesa emateko helburuz ere elkarretaratzea egingo da auzitegiko atarian Gernikako Sare Feministak deituta. «Gure asmoa asteartean da sentitzea berarekin gaudela, ez garela lau katu, herri oso bat daukala berarekin», azaldu du Arlette Apraiz Sareko ordezkariak aurretik ere izan da Naiz Irratian Sare Feministaren izenean. Jakitun da Apraiz, prozesua, «oso gogorra dela» eta «hein batean birbiktimizazioa ekidiezina» izango dela. Baina, ahal den neurrian uneok «goxatu» nahi ditu Gernikako Sare Feministak, «erreparazio horretan ekarpena» egin ahal izateko.
14 urteko espetxe zigorra eskatu duen fiskaltzak bere idatzian azaldu duenez, Lopez biktimaren saskibaloiko entrenatzailea izan zen, 10 urte zituenetik 16 zituen arte, lehenik Allende Salazar eskolako saskibaloi taldearen baitan eta ostera Lointek Gernikan. Honen arabera, 1998ko uztailetik aurrera, gizonak 31 urte eta neskak 13 urte zituenean, entrenatzaileak hiru urtez bere etxera eraman ohi zuen, aitzakia ezberdinak aipatuta eta bertan sexu-harremanak izaten zituzten gaztearen baimenik gabe.
Erasotzailearekin erabateko izua sentitzen zuen salatzailearen arabera, bere posizioaz eta botereaz baliatu zen Lopez eraso hauek modu jarraituan eta inpunitatez egin ahal izateko. Saskibaloi taldeko klubak, Lopezen ahotik salaketa eta ikerketaren berri izan zuenean, entrenatzaile postutik kirol zuzendariarenera pasatu zuten Lopez. Soilik afera publiko egin eta Gernikan mobilizazio jendetsuak hasi zirenean lehenik baztertu zuen Lointek Gernikak Mario Lopez, ostera behin betiko kaleratzeko.
Agerikoa da Arlette Apraizen esanetan, klubak emandako urratsak feminismotik deitutako mobilizazioek eragin dituztela eta ez biktimarekiko kezkak, «ardurak eduki dituen jendeak botere postuetan jarraitzen du klubean. Martxan jarritako protokoloa azkar eta sakoneko hausnarketa barik abiatu zen. Gehiago ikusi dugu klubak bizitako presioaren arabera erantzun duela».