En directo
Ipurtargien dantzarekin alderatu du Ignacio Mendiola soziologoak Bidasoako mugaren errealitatea. Horren atzeko istorioa erabat estalgabetu nahi izan ez badigu ere, liburua irakurtzera gonbidatzeko, badira bizpahiru elementu aukeraketa hori egiteko garaian bildu direnak.
Izan ere, Berako argazkilari batek muga dantza bat asmatu zuen, bost urtean behin Sara eta Bera herrien arteko hitzarmena sinatzeko erabiltzen den mahaiaren gainean eszenaratzeko. «Dantzaren irudia nola garatu pentsatzen geratu nintzen», diosku Mendiolak.
Pier Paolo Pasolinik ere garatu izan zuen zerbait ipurtargiei buruz: artikulu ospetsu batean planteatu zuen ipurtargiak desagertzen ari zirela, faxismo garaiko «erresistentzia izendatzeko metafora gisa» erabili zituelarik intsektuok.
Frantziar filosofo batek berreskuratu zuen Pasolinik ekarritako irudi hori, baina hasierako diagnostiko ezkor horretan geratu ordez, esaten zuen zaila dela detektatzea ipurtargiak hor daudela eta euren artean bilatzen direla. «Ipurtargien artean dantza bat sortzen dela esaten zuen».
Mendiolak ere berrerabili nahi izan du iruditeria hori; kasu honetan, Bidasoako mugara iristen diren etorkinen inguruan sortzen den pertsonen arteko dantza irudiztatzeko.
Espazioa, boterea eta subjektibitatea
Egun segurtasunaren diskurtsoak daukan garrantziaz aritu da elkarrizketatua, diskurtso horren bidez ere saiatzen baitira «mugan gertatzen dena kontrolatzen». Diskurtso hori nagusi izan denetan, «mehatxu batzuk izendatzen dira, eta tartean migrazioa egoten da».
Segurtasuna, botere harremanak, indarkeria... hainbat elementu batzen dira espazio fisiko horretan, helburu bakarrarekin: kontrolarena. «Bidasoako geografian», dio Mendiolak, «ondo islatzen dira sortzen diren dinamika sozial horiek».
Zentzu horretan, geografiaren esangura aztertzen ahalegindu da egilea: «muga bakoitzak badauka berea, eta Bidasoan zubiak ditugu, ibaia, mendiak... horrek badu bere garrantzia, printzipioz errazagoa bailitzateke muga zeharkatzea». Muga dagoen tokian, ordea, errazagoa da sartzen diren pertsonak harrapatu eta Irunera itzultzea.
Hala ere, garai batean poliziaren kontrola zorrotzagoa zen eta «ezinezkoa» zen bestelako bide horietatik ere igarotzea. Munduko beste hainbat tokitan errepikatzen den dinamika da.
Muga hori Schengen espazioaren barnean dago berez, baina Estatu frantsesak beto eskubidea aplikatzen du, segurtasuna aldarrikatuz. Gainera, Europako irizpideak mugen irekieraren ildotik zihoazela zirudien, baina ez da hala izan; Italia da horren adibide. Joera erreakzionario hori azaltzeko, esan du idazleak gure mugetan gertatzen dena «oso adierazgarria» dela.
Espazio honetan mugikortasun askea izan beharko genuke printzipioz, baina azken urteotan Frantziako joera mugetako kontrola berreskuratzearena izan da: «Bidasoan ikusten duguna errepikatu egiten da Italiarekin dauka mugan. Alderatuz gero, askoz errazagoa litzateke bertakoa zeharkatzea, baina hemen ere hildakoak eta sufrimendua izan ditugu».
Estatuek bultzatutako politikekin batera, gizartean oso errotuta dauden kontzeptuen eragina ere aipatu du, eta horiek berrasmatzearen beharra: «integrazioaren kontzeptua, esate baterako, oso labainkorra da. Elkarbizitza nahiago dut nik».
«Ematen du etorkinak hemen daukagun eszenatokira egokitu behar direla», gaineratu du. Baina horretarako oztopoak jartzen direnean, poliziaren jazarpena tarteko, ohartarazi du Mendiolak kolonialismoaren aztarnak eta arrazakeria egon daitezkeela tarteko. «Kontua ez da egokitzea, muga ispilu gisa hartzea baizik, eta nolabait kokatzea ontzat hartu ditugun ideiak».
Atzo eta biharkoak
Liburura itzulita, Ignacio Mendiolak azaldu du liburuak ez daukala oinarri historiko sendorik, «orainaldian» ipintzen duela fokua, baina saiatu ere saiatu zela 60ko hamarkadan portugaldarrekin gertatu zena aztertzen.
Historia ziklikoa dela argi geratu zitzaion bildutako testigantzen ostean, eta etengabe agertzen direla paralelismoak: «garai bakoitzak bere ezaugarriak eta ñabardurak ditu, baina errepikatzen dira poliziaren jazarpena, hildakoak, muga zeharkatzeko zailtasunak, baita inguruan sortzen diren elkartasun sareak ere. Ukaezina da elkarbizitza horretara hurbiltzera behartuta gaudela».