En directo
Irailean sortu zen Lehenengo Kongresu Antifaxista, uztailaren 28ko Venezuelako hauteskundeen harira eta orduan gertatutako ofentsiba faxistagatik, baina oraingo internazionalak horren jarraipen eta zehaztapena ekartzea du asmo. Aurrekoa baino teknikoagoa izan da bilera hau; taldetan banatu dira, lan zehatzagoak ondu dituzte eta Caracasen Adierazpena delakoan bildu dituzte hortik ateratako ondorio nagusiak.
Milaka ordezkari bertaratu ziren Caracasera. Euskal Herriaren kasuan, zazpi pertsonako talde bat, eta tartean egon ziren Aitor Sanz eta Alberto Bonilla. Esperientzia «interesgarri» eta «hunkigarritzat» hartu dute han bizitakoa.
Goraipatu dute Venezuelak afera honetan hartutako papera eta herritarren jarrera, haienganako eraso batetik interpretatu baitzuten mundu mailakoa dela arazoa. Jendea elkartzeko agente gisa aritu da herrialdea, nazioartean ofentsiba faxistari erantzuna emateko beharra ardatz. Fase desberdinetan egin dira horren inguruko ekarpenak; ez osoko bilkura izaeran, taldeka baizik, azken fasean erantzun antifaxista nola antolatu eta nola artikulatu izan dutelarik gako.
Irakaspenak, handik eta hemendik
Internazional batek ematen du iturri ezberdinetatik edateko, eta irakaspen ugari jaso dute Sanzek eta Bonillak beste herrialdeetako kideengandik.
Gogorarazi dutenez, komunikabideen eraginez Mendebaldeko Europan daukagun ikuspuntua «nahiko mugatua» da, eta kanpoan gertatzen ari denaren «perspektiba hartu beharra dago», barruan gertatzen dena jakiteko. «Hor egonda ikusten duzu mundu berri bat sortzen ari dela, gauzak asko aldatzen ari direla eta Europan daukagun perspektiba erabat partziala dela».
Nazioarteko topagune horretan ikusitakoen artean, nabarmendu egin dute Irango ordezkarien presentzia, Errusiarena, Afrikako herrialdeena edo Hego Amerika osoarena: «Europa mailan ikusi dugu ordezkaritza txikia joan garela, baina gobernuen proiekzioa Afrika, Asia edo Hego Amerika mailakoa izan da gehiago».
Aipatu nahi izan dute, era berean, «nahiko profil instituzionaleko» pertsonak zeudela bertan, akaso Gobernuen izenean ere arituko zirenak. Horrek zinez harritu zituen, eta ikusarazi zien «Europan zenbat falta zaigun ibiltzeko, lortzeko eta borrokatzeko».
Munduan leku bat
Gainera, Euskal Herriaren presentzia ez zen oharkabekoa izan. Caracasera bertaratu diren bi abaguneetan, oso «adierazgarri» gertatu zitzaien gonbidapena jaso izana, bertan zeudela ere besteek uneoro euskal herritar gisa aurkeztearen keinu sinbolikoarekin batera.
«Gure herriarekiko errekonozimendua eta miresmena sentitu ditugu», azaldu dute. «Gure txikitasunetik, hor utzi dugu gure presentzia». Ekitaldi orotara eraman dute ikurriña, eta haien taldeko bi kidek egindako ekarpen bat «oso txalotua» izan zeneko pasartea gogoratu dute.
«Ikusteke dago» aurrerantzean Euskal Herrian ekimenak izango duen jarraipena, baina egungo errealitate politikora egokitu beharra dago, eta banaketa testuinguru hori abiapuntutzat hartu beharra. «Ekarpen honek guztiak lur hartu behar du» baina, edonola ere, «posible da hemen ere gauzatzea».
Lehen gomendio gisa, Caracaseko Adierazpenean 90 herrialdetik gorako ordezkariek bildutako hogei puntuak irakurtzea. Sare ezberdinetan dago irakurgai eta aurki eskuratu ahal izango da euskaratu berri duten eta maketatzen ari diren euskara eta gaztelerazko bertsioa.
Azpimarratu dute adierazpen horretan ez dutela erakundeen izenean hitz egin; atzean haienak bezalako talde xumeak daudela eta, kasu batzuetan, baita Gobernuak ere. «Ondorioak atera behar dira etortzear dagoenari buruz».
Aipatzekoa da ere Euskal Herrian faxismoa izaten ari den goraldia, nazio izaera aitzakiatzat hartuta sarritan. Ez da fenomeno berria eta, gizarte gertakari askotarikoekin erlazionatu badaiteke ere, «azken finean posizio politiko bat da, onartzen ez duguna, oso arriskutsua eta borrokatu beharrekoa. Faxismoa da, berdin euskaraz zein gazteleraz».
«Venezuela ez dago salgai»
Venezuelako giro politikoa hizpide, adierazi dute izan dutela aukera bertakoekin denbora pasatzeko. El Panal izeneko komuna bisitatu dute besteak beste, eta diote bertako egunerokotasuna ez datorrela bat hedabideek ematen diguten irudiarekin, Gabonetako giroan murgilduta eta eguneroko bizitza lasaia egiten ari direla bertakoak.
Miresmenez aipatu dituzte, halaber, herrialdean ikusitako «antolakuntza maila» handia eta «eredu alternatiboa».
Ez dute uste Gonzalez Urrutia Caracasetik agertuko denik urtarrilaren 10ean; izan ere, «beldurra dio ez bakarrik gobernuari, baita bere aldean dauden batzuk bere figurarekin egin dezaketen erabilerari ere. Txotxongilo bat da, baina bentrilokuoari ere beldurra hartu dio».
Euskal Herritik jende dezente hurreratuko omen da urtarrilaren 10 horretan Venezuelako hiriburura, eta dagoeneko ekintzak antolatu dituzte herrialde desberdinetako eragileek egun horretarako, «borroka eta jaia» uztartzeko helburuz. Gure kulturaren munduko figurak ere joango direla aurreratu dute.
«Herrialdeak aurrera jarraitu nahi du», amaitu dute Sanzek eta Bonillak. «Izugarrizko seriotasuna erakutsi dute, eta burujabetasun papera hartu. Venezuela ez dago salgai».