En directo

Eli Pagola Apezetxea

«Ibaia hiria antolatzeko ardatz estrategikoa da»

Ibai-paisaiari dagokion praktika onen gida argitaratu dute, ibai sistemarekin harremana duten hiriko eremuak leheneratzeko, biziberritzeko eta naturalizatzeko jarduerak egin ahal izateko lanak errazteko gida.

Audio_placeholder

«Ibaia hiria antolatzeko ardatz estrategikoa da»

Loading player...
Lara Del Valle arkitektoa eta Aída Lopez ingurumen zientzialaria, sortutako gida esku artean
Lara Del Valle arkitektoa eta Aída Lopez ingurumen zientzialaria, sortutako gida esku artean (Lara Del Valle )

Euskal Herriko Unibertsitateko Paisaia Kulturalei eta Ondareari buruzko UNESCO Katedrak eta Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak ondu dute gida eta tartean izan dira Lara Del Valle arkitektoa eta Aída Lopez ingurumen zientzialaria.

Zein da hiriek eta herriek, historikoki, ibaiekin izan duten harremana eta erlazioa?

Lara Del Valle (LDV): Betidanik oso estua eta banaezina izan da. Gure biziraupenerako ezinbesteko elementua izaten jarraitzen du, ez soilik edateko, baizik, nekazaritzarako, energia sortzeko eta beste.

Historikoki, hasiera batean, herriak finkatu ziren lekutik ibaietaraino dagoen eremuak nekazaritza edo landa eremuak ziren, izan ere, uholde lautadak lurralde emankorrenak ziren baina, gure gizartea sozioekonomikoki garatu den heinean, ibai ertzetara hurbiltzen joan gara.
Gure teknologia eta eraikuntzarako gaitasunari esker eremu horiek konkistatu ahal izan ditugu eta dinamika horiek gaur egungo ibai-paisaiak utzi dizkigute ondare gisa. Ikerketa eta akademia arlotik ikusi duguna da ibai-paisai horiek antolatzeko, kudeatzeko, babesteko eta balioan jartzeko irizpide egokiak behar ditugula.

Zer nolako ibai-paisaiak ditugu?

Aída Lopez (AL): Batez ere, ekologia eta eragin sozialaren aldetik aztertzen badugu, ikusten duguna da, alde batetik, ibaiak euren gutxieneko existentziara mugatuta ditugula. Hau da, batez ere ibaiak eta errekak hirietatik pasatzen direnean zementuzko desbideratze eta kanalizazio asko daude, ibai-ertzak okupatuak eta inpermeabilizatuak daude, uholde lautadak eraldatuak izan dira, inguruko lurrak, berriz, kutsatuak edo ibai eremuko berezko landaredia eta animaliak mehatxupean daude, zeren ibaia espezie inbaditzaile askoren transmisorea ere bada.

Bestalde, sozialki, zer da azken urtetan ikusi duguna? bada, bizkarra eman diogula ibaiari eta suntsipen kultural asko burutu direla. Alegia, ezkutatu egin dugu, etsai moduan ikusi dugu, batez ere, uholde arriskuengatik eta, horren ondorioz, ibaiarekin harreman estuak izateko geneuzkan espazioak edo eraikin bereizgarrienak galdu ditugu. Kulturalki, ibaiarekin lotura izan duten praktikak, lanbideak, narratibak edo tradizio propio asko galdu dira. Ez dugu arretarik jarri ibai eremuko ondare material eta immaterialean. Begi-bistan ditugu hamaika adibide suntsipen hori ikusteko. 

Egoera horri buelta emateko zein urrats identifikatzen dituzue?

L.D.V: Lehenik eta behin, ulertzea ibai-eremuak aukera-eremuak direla eta ibaia ez dela mehatxua: ibaia ingurune natural batean hazten bada eta urak bere uholde lautada okupatzen badu, ez dago arazorik. Arazoa da hiri eremuetan ez garela izan gai ibaiaren dinamika propioekin bizikidetzan egoteko eta hori da gakoa.

Hori aldatzeko, ibai eremuetan dauden paisaia-geruza guztiak hartu behar dira kontuan: ekologia, soziologia, historia, hirigintza, ondarea, eta abar. Horregatik dira aukera-eremuak, ez bakarrik arriskuaren prebentziorako, baita gure bizi kalitatea hobetzeko ere.

Lurralde plangintzak behar dira horretarako?

A.L: Orain arte, oro har, epe laburrera begira eta eskala txikian egin izan da lan. Eskala handitu eta epe luzerako ikuspegia edukitzeko aukera ematen digu plangintzak, leku egokietan, erabilera optimoak planteatuz; hau da, zerk joan behar duen leku bakoitzean erabakitzeko ahalmena ematen digu: non eraiki dezakegun zer, non leheneratu behar dugun orain arte edukitakoa ibaiari lekua uzteko, nolako espazio publiko berriak diseinatu ditzakegun bizikidetza sustatzeko, zer nolako babes-estrategiak behar ditugun ikusteko, ondarea berpiztu eta balioesteko, estrategiak pizteko, ardatz ekologiko eta sozialari dagokionez, ibai-ertzeko azpiegitura sustatzeko edo kirola sustatzeko, eta abar.

Geure apustua da ibaia ingurua eta erabilerak antolatzeko ardatz estrategikoa dela eta horretarako erraztasunak eta adibideak eskura jartzea.

Jaurlaritza Logoa