En directo
Armagintzarekin euskal industriak duen lotura gero eta handiagoaren aurrean, helburu zibila duen ekoizpen ereduarekiko «moldaketa eraldatzailea», posiblea eta beharrezkoa dela erakutsi nahi izan du Gasteizkoak erakunde antimilitaristak Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras liburuan. Talde horretako kide Antonio Escalantek idatzi du liburua, hausnarketarako gune izan ohi duten Zapateneok argitaratuta.
Liburu honek ez du helburu gerra sostengatzen duten euskal eragileen aurkako aldarri soila egitea, egileak Naiz Irratian azaldu duenez, baizik eta alternatiba bat eraikitzeko gida eskaini nahi duela; «uste dugulako gerrari ezetz esatea ez dela nahikoa» eta «modurik onena gerrei aurre egiteko da gerrak ez haztea. Eta hazteko behar dutena armagintza da».
Hori dela-eta, armagintza industriaren «moldaketa ezinezkoa dela» dioen bertsio ofizialaren aurrean, bide-orri posible hori teorizatzeaz harago, sindikatuekin dagoeneko harreman diskretuak abiatu dituzte. Erraza ez delako izango, baina aukera bat egon daiteke langileak baldin badira «protagonistak» eta gizarteak bultzatutako «auzolana» badute atzetik. «Askotan antimilitarismotik ikusi ditugu langileak etsaiak balira bezala eta uste dugu hanka sartze izugarria izan dela gure aldetik», dio Escalantek. Jarduera militarretik aldenduz, herritarren beharrak asetzea helburu zuen Lucas Aerospace enpresa ingeleseko langileria antolatu eta kritikoak 1970. hamarkadan abiatutako borroka jartzen dute eredu gisa, uste dutelako Gasteiz eta oro har Euskal Herriko langileriaren artean ematen direla baldintza horiek ere.
Apustu militarista
Gaur egun nagusitzen ari den ezegonkortasunaren isla, Euskal Herrian ere gauzak asko eta azkar aldatzen ari dira. Gerrak eta gatazkek, aro militarista baten hasiera suposatzen dutela ondorioztatu dute aditu askok, baina badirudi euskal industrian horretarako prestatzen ari zirela aurretik ere. Horren eredu, 2008tik hona armagintzarekin lotura duten enpresa eta erakundeak 70 izatetik 200 baino gehiago izatera igaro dira. Normalean, 'defentsa arloko industria' aipatzea gustuko dute hauek, alegia, arma horiek kanpo etsaietatik babestera bideratuta daudela. Escalantek gogora ekarri duenez ordea, «arlo horretan mugitzen diren enpresek saltzen dutenaren hiru laurden normalean kanpora doa».
ITP Aero edota Sener bezalako enpresa handiak daude tartean, ekintzailetza eredu arrakastatsutzat jo den Satlantis, Tecnalia ikerketa zentroa edo unibertsitate publikoren bat ere tartean. Andoaingo Sapa edota Markina-Xemeingo Esperanza y Cia bezalako arma saltzaile historikoak ahaztu gabe. Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar mas guerras liburuan bildutakoak, Hego Euskal Herriari datuei dagozkie ezinezkoa izan zaielako Ipar Euskal Herriko datu propiorik lortzea. Bertan ere, dena den, nabarmen da armagintza eta honen zeharkako sustatzaileen pisua.
Jarrera aldaketa arriskutsua
Armagintza lobbyak estatu aparatuetan zein Europako Batasunean duen presentzia ez da berria, baina kezkagarriena da isilpeko lana izatetik gero eta publikoagoa izatera pasatzen ari dela; nahikoa da aurrekontu militarren hazkundeari erreparatzea. Eta gauza bera Euskal Herrian. Escalanteren esanetan, «lehen oso txarto ikusita zegoena, militarrenzako lan egitea», irauli egin da eta badirudi «orain batzuk ia ia harro daudela». Kezkagarriena da akaso, lehen ezkutatzen zen sektoreak orain bere jarduera publikoki erakusteak gizartean ere eman den jarrera aldaketa islatzen duela.