En directo

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria

«Durangoko Azoka ez da erostera etortzeko tokia bakarrik»

«Durangoko Azokako bisitariek beste urte batez erantzun egin dutela», da Gerediaga Elkarteko Beñat Gaztelurrutiak Naiz Irratira ekarri duen balorazioa, jende pilaketek arazoren bat sortu duten arren. Euskal kulturgintza egituratzearen beharra nabarmendu du, baita azoketatik at ere. 

Audio_placeholder

«Durangoko Azoka ez da erostera etortzeko tokia bakarrik»

Loading player...
Beste urte batez, erantzun aparte jaso du Durangoko Azokak.
Beste urte batez, erantzun aparte jaso du Durangoko Azokak. (Andoni Canellada | Foku)

Lau eguneko kultur jardueraren ostean, balorazioak egiteko unea heltzen da eta 2024 honetan ere argi gelditu denez, «Durangoko Azoka ez da erostera etortzeko tokia bakarrik», Gerediaga Elkarteko kudeatzaile Beñat Gaztelurrutiaren arabera eta horregatik, «pozik, eskertuta eta hunkituta» dago antolakuntza.

Abeslari, idazle eta bestelako kulturgileen azken lanak erosteko ezinbesteko espazio delako Durangoko Azoka, baina kultur emanaldiez gozatu, urteroko ezagunak aurrez aurre ikusi, parranda pixka bat egin edota aldarrikapenerako plaza ere bada. Hori dena eskaini da eta «bisitariek beste urte batez erantzun egin dutela» dio. Antolakuntza bere aldetik, ahalik eta kultur eskaintzarik oparoena izaten ahalegindu dela esan du, aniztasunaren isla izan zedin; «hori da azken batean azoka ezta? erakutsi behar da kultura osotasunean eta ez gailurra bakarrik», adierazi du Gaztelurrutiak.

Landako Guneko azpiegiturak desmuntatzen ari ziren une berean hitz egin du Naiz Irratiarekin Gerediaga Elkarteko ordezkariak, «ekaitzaren osteko barealdian». Hein handi batean eguraldi txarrak markatutako azoka izan delako 2024koa, ez ordea gehiegi baldintzatzekoa, jendetsua izan delako, oso, abenduaren bostetik bederatzira luzatu den edizio hau. Ostiralekoa izan zen bisitari gehien bildu zituen eguna, baina oro har ilara luzeak egunero ikusi dira Landako gunetik kanpo ere. «Ezintasun batzuk agerian gelditu zirela» onartuz, hauekiko hausnarketa egin beharko dutela aurreratu du Gaztelurrutiak. Erantzun masibo horrek dena den, euskal kulturgintzarekiko apustu sendo, jarraitu eta irmoek duten garrantzia ere islatzen dutela ondorioztatu du, «babestutako edo aurrez pentsatutako eta egituratutako espazioak gordeko balira euskal kulturarentzat urte osoan edukiko lituzke zaleak eta gainera naturaltasunez».

Jaurlaritza Logoa