En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Txoteko Ezpata, ilunpetik argira atera dira «erdia eginda» dutela

Hamabi kantuz osatutako estreinako lana kaleratu du Txoteko Ezpata talde elgoibartarrak. Talde berria, baina bide luzeko musikariak batzen dituena. Mikel Cornejo, Asier Etxaniz, Rafa Furnier eta Josu Irondo dira Txoteko Ezpataren diskoa grabatu dutenak eta gogotsu daude emandako pausoaren ostean.

Audio_placeholder

Txoteko Ezpata, ilunpetik argira atera dira «erdia eginda» dutela

Loading player...
Zuria, gorria eta beltza izan dira Txoteko Ezpata taldeak beren iruditeria lantzeko erabili dituen koloreak.
Zuria, gorria eta beltza izan dira Txoteko Ezpata taldeak beren iruditeria lantzeko erabili dituen koloreak. (TXOTEKO EZPATA)

‘Erdia egin dugu’ esan ziguten Txoteko Ezpata taldekoek beren burua aurkezterakoan. Bizitzan aurrera doazela adierazten duen izenburua, ezbairik gabe, baina positibotik hartu behar da mezua, batzuetan hori onartu eta aurrera egitea garrantzizkoa izaten baita. Hala, ez dira alferrik ibili 6nemen9, Maraca Diablo edota Andrakan taldeetan aurrez lau musikariak. Orain, gainera, taldekide bat batu zaie, Onintza Loiola, diskoa zuzenera eramaterakoan ezinbesteko pieza bihurtu dena.

‘Ilunpean jai duzu’ izeneko diskoa kaleratu berri dute Bonberenea Ekintzak zigiluarekin. Karlos Osinaga ‘Txap’ izan da grabaketen arduradun eta haren eskua nabaritzen da abestietan. Baita haren ilunetik ere. Baina ilunpetik argitara ateratzeko pausua eman du Txoteko Ezpatak, lokalean egotetik jendarterako saltoa, eta pozik agertu dira horrekin. 

Kantuak gordin samarrak dira soinuz, armonia berezietan barrena dabiltzanak eta rockaren ertz desberdinetara hurbiltzen direnak. Hard rocka batzuetan, southern rocka besteetan edota country mundukoa ere bai abestiren batean. 

Hitzetan, berriz, adinaren kontuak, nostalgia, musikariaren ibilbidea, galduta sentitzea, presoak duen bizi osorako kondena, musikaren eszena… halako kontuak aipatzen dira. Batzuetan hitz propioak erabilita, eta, besteetan Jon Mirande, Harkaitz Cano, Joseba Sarrionandia edota Jon Gerediagarenak moldatu dituzte. 

Hamabi abestiak 180 gramoko binilo dotore batean jasota geratu dira, barruan CDa ere badaramana, zuri, beltz eta gorri koloreak nagusi dituena. Durangoko Azokan izango da eskuratzeko moduan eta zuzenekoak ere etorriko dira, aurkezpenekin hasi badira ere. 

Jaurlaritza Logoa