En directo
2023ko irailaren 22an Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren espetxeratze agindua salatzeko Bilbon eta Gasteizen egindako ekimenetan parte hartu zuten ia gazte guztiak identifikatu zituen Ertzaintzak eta, hilabete batzuk geroago, Lakuako Segurtasun Sailak 1.500 eta 2.500 euro bitarteko isunak ezarri zizkien, Mozal Legea aplikatuta. Osotara 290.500 euro eskatzen dizkiete. Isun bakoitzari helegitea jarri diete eta ostegun honetan hasi dira epaiketak. Amaiur Egurrola Ernaiko ordezkariarekin egoteko aukera izan dugu.
Epaiketan zer espero duzue?
Gaurkoan Ernaiko kideok jaso ditugun isunei aurkezturiko helegiteen epaiketa prozedura hasiko da; beraz, Eusko Jaurlaritzaren kontrako auzia hasiko da. Bertan bere burua defendatu beharko du erabilitako arbitraje eta desproportzionalitateagatik. Espero dugu epaiketa hauetan gure kontrako isunen desproportzionaltasun hori argitzea.
Epeak nolakoak izango dira?
Bi isunen helegiteekin hasiko dira epaiketak, prozesua hasi besterik ez da egin eta ez dakigu ebazpenak noiz izango diren.
133 isun dira guztira, lehen ebazpenak aurrekari izan daitezke?
Auzitegi ezberdinetan jarri ditugu helegiteak eta gaurkoak ziurrenik mugarri bat finkatuko du. Horren arabera beste epaiak baldintzatu daitezke.
Zer argudiatuko duzue?
Bestelako kasuetan horrelako egoeretan bide judizialetik eraman dira prozedura hauek eta gehienez ere 600 euroko isunak jarri dira, antzeko ekimenegatik. Arrazoituko dugu kasu honetan Eusko Jaurlaritzak eta Segurtasun Sailaren mekanismoa desproportzionala dela eta jopuntuan Ernai jarri nahi dutela. Izan ere, jasotako isunak era berekoak dira eta horregatik arbitraje printzipio hori.