En directo
Maitasunak mugitzen gaituela gauza agerikoa da, eta hori oso argi utzi du Esti Markezek ‘Atenporal’ diskoan. Oso ongi ekarritako izenburua, urteak pasa arren, gaurkotasunik galduko ez duten hitzak direlako disko honetan jaso dituenak. Bederatzi dira diskoko abestiak, Josu Erviti taldekidearen estudioan grabatu dituenak eta, horretarako, taldekide dituenez gainera, Eric Deza eta Ander Unzaga musikarien laguntza ere izan du. Baita Andoni Arriola eta Julen Suarezen haizezko instrumentuen kolaborazioa ere.
Baina kolaborazioak ez dira horra mugatu, Ianire Aranzaberekin abestu duelako ‘Ondoan ez izatea’ kantuan eta Sonakay taldeko Yoni Camachok ‘Minak’ kantua ondu duelako Markez aiarraren ondoan.
Denetariko kantuekin egiten dugu topo. Kantautore akustikoaren bidean dauden ‘Aukeratu gabe’ edota ‘Zuretzat’ abestiak, kutsu tropikala duen ‘Ikusten zaitudan bakoitzean’ pop abestia, oso 2000etako soinua duen ‘Ondoan ez izatea’ edota folk-pop ereserkia den ‘Desegin’ kantua. Beno, eta diskoa ixteko funk mundua besarkatzen duen kantu dantzagarri batekin egiten dugu topo, ‘Orain eta hemen’ abestiarekin.
Maitasunaren ertz desberdinak borobildu ditu ‘Atenporal’ disko honetan Esti Markezek eta zuzenean aurkezteko garaia ere iritsi da. Aian, bere jaioterrian, izango da azaroaren 30ean, probalekuan, bertako denboraldi berriari hasiera emanaz eta sarrerak este honetan eskuratu daitezke dagoeneko. Gero, abenduaren 13an ere izango da aukera, Andoaingo Bastero kulturgunean.