En directo
«Gordetzen ditugun objektuen arabera ikusiko dugu zer euskal gizarte geratuko den irudikatua»
Maite Errarte izango da Aranzadiren Etnografia saileko zuzendari berria. Aurrekoaren lekuko hartuta garaiko gizartearen argazki fidela osatzen jarraitu asmo du.
«Gordetzen ditugun objektuen arabera ikusiko dugu zer euskal gizarte geratuko den irudikatua»
Aranzadi zientzia elkarteak aldaketa du etnografia saileko zuzendaritzan. Maite Errartek erreleboa hartu dio, luzaz sailaren arduradun izan den Fermin Leizaolaari.
Erronka garrantzitsua da...
Bertigo pixka bat ematen zidan hasieran... Fermin Leizaolaren itzala oso luzea da. Baina, erronka bezala hartuko dugu eta ahalik eta ondoen egingo dugu.
4.000 objektu dituzue gordailuan. Zenbaterainoko garrantzitsuak dira gure gizartea ezagutu eta ulertu ahal izateko?
Fermin Leizaola 60 urtez ibili da objektu hauek bildu eta bildu. Baten batek esango du, «zer ari da trasto zaharrak jaso eta jaso?», baina objektu hauek, gure kultura material hauek, gure historia eta gure kultura ezkutuaren garapenaren lekuko ukigarri dira, objektu hauen bidez historia ukitzen dugu. Gainera, objektu hauek balio emozionala dute askotan, balio estetiko bat ere badute. Garrantzitsua da objektu hauek kontserbatzea.
Bidebietako laborategian egiten duzue lan objektu hauekin, nolako lana egiten duzue hor?
Tailerra dela esango genuke, bertan dohaintzak jasotzen ditugu, Aranzadiri ematen zaizkionak eta aritzen gara objektu hauek garbitu, txukundu, katalogatu eta erregistro grafikoa egiten. Pixkanaka Aranzadiko barne ondarearen bilduma bat sortzen ari gara.
Kate moduan lana egiten dugu. Dohaintzak jasotzen ditugu eta inoiz erosketak ere egin izan ditugu, objektu bat oso garrantzitsua iruditzen bazaigu. Garbiketa pixka bat egiten dugu, ez gara zaharberritzaileak, baina, beno, nolabaiteko azaleko garbiketa bat ematen diegu. Argazkia egin, datu-basean gehitu, deskribapena osatu eta biltegiratu egiten dugu. Ondoren kontsultarako edo ikerketarako eskuragarri geratzen dira.
Etnografiaz hitz egitean agian akaso askori burura etorriko zaiena da Euskal herriko baserri klasikoaren objektu bilduma...
Elementu interesgarria da aipatzen duzuna. Objektuen aukeraketan hautu bat dago eta azken urteetan lehenetsi da, agian, euskal gizarte tradizional hori irudikatzea. Orain objektu industrialagoak ari gara lehenesten, berriagoak. Erabaki horrek ondorio bat du eta ikusiko dugu zer euskal gizarte geratuko den irudikatua. Baserriko tresnak bakarrik gorde ezkero eman dezake euskal gizartea XIX. mendean fosilizatua gelditu dela.
Industria arloan, zer nolako elementuak nabarmentzen dira?
Ba adibidez, gorde izan ditugu detergente edo xaboi danborrak, Bilore zenekoak, komertzioaren bateko kalkulu makinak, hori hirugarren sektoreari begira... Baina beno, beste objektu batzuk orain arte ez direnak horrenbeste begiratu, ezta? Baina, gure gizarte industrial honen lekuko dira, baita ere.
Arlo garaikideko objektuak ere biltzen dituzue?
Oraindik ez gara hasi, Aranzadin dugun espazioa ez da oso zabala, beraz arazo hori badugu, baina pentsatu dugu. Baita ere pentsatu dugu mugikorretik pasatzen diren stickerrak eta horrelako gifak eta biltzen hastea, ze jendea oso ingeniosoa da eta gure gizarteko problematika eta eztabaida interesgarrien gaiak sortzen dira horrelako lekuetan. Hasi beharko genuke nolabait jasotzen, hori ere, gure gizartearen isla baita.
Burura etorri zait memen bildumaren bat egitea, baina noizbait hasiz gero ez luke bukaerarik...
Ez, zoratuko gara, baina saiatuko gara.
Bilketa hau dibulgaziorako egiten da, nola egiten duzue lanketa hori?
Gu saiatzen gara kultura material hau nolabait dibulgatzen: argitalpenak egiten ditugu, erakusketak ere bai, ikerkuntzarako ere utzi izan ditugu... Nahi dugu gizarteak jakitea Aranzadiren bilduma kontsultagarria dela eta gurekin harremanetan jarri daitekeela edonor hura ikusteko edo edozein gai lantzeko.