En directo
Hezkuntzaren kalitatearen eta profesionalen lan eskubideen defentsan sindikatuek deitutako mobilizazioak gelditzeko helburuz, proposamena helarazi die langileek Carlos Gimenoren Nafarroako Hezkuntza Sailak, anbizio handikoa haren arabera. Foru Gobernuko negoziatzaileekin hirugarren aldiz batzartu ostean ordea, hasieratik marra gorritzat jo dituzten bi punturi eusten dietela gobernuan dio LAB Sindikatuko Josu Arraizek, «kezkagarria dena da guretzat murrizketa nabarmenak diren bi puntu badirela».
Alde batetik, «55 urtetik gorako irakasleen lan karga handituko duen neurri bat» aipatzen du eta bestetik, «balizko ratioen jaitsiera horretan», hezkuntza kontseilariak egin duen azken proposanema; «errepikatzaileak diren ikasleak ez direla konputatuko ratio horietan». Bi puntu horiek «onartezinak» direla dio LAB sindikatuak mahai negoziatzailean duen ordezkariak.
Hortaz, hasierako bileratik aurrera pausu txiki batzuk egon diren arren, hauek momentuz «nahikoa ez» direla berretsi du Arraizek, oro har, sailak egindako azken proposamena lehenaren «ildo beretik» doalako «oso nobebade gutxirekin». Intersindikalean jarrera bateratzeko zain, Arraizek ziurtatu du LABen «segitu nahi dugula negoziatzen». Hori bai, hurrengo bileran (hilaren 18an izango da) «ez badago aurrerapenik», sindikatu abertzaleko kideak arabera «ez dugu ezer baztertzen, mobilizazioekin jarraitzea barne».