En directo

NAIZ Irratia

Eider Mendoza NAIZ Irratian: «PSEk eta EAJk ez dute berea alde batera uzten, inondik inora»

Gipuzkoara begira jarri, eta herrialdearen egoeraz hitz egin du Eider Mendoza Gipuzkoako aldun nagusiak NAIZ Irratian. Erabakitze eskubidearen inguruan galdetzean nabarmendu du bidea «eskutik helduta» egin behar dela, eta horretarako alderdi politikoen arteko «konfiantza» behar dela.

Audio_placeholder

Eider Mendoza NAIZ Irratian: «PSEk eta EAJk ez dute berea alde batera uzten, inondik inora»

Loading player...
Eider Mendoza, Gipuzkoako Diputatu Nagusia
Eider Mendoza, Gipuzkoako Diputatu Nagusia (Jon Urbe)

Erabakitze eskubidearen edo estatusaren inguruan mozioa adostu zuten EH Bildu eta EAJk, Foru Aldundiari eskatuz, horretan lan egin zezatela. Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiaren ustez hori da «egin beharreko bidea». «Gure herriak eskubide batzuk ditu, eta horiek gauzatzeko bide bat egin behar da. Gipuzkoako Foru Aldundiak bere ekarpena egingo du. Baina hori eskutik helduta egin beharra daukagu». Azken ideia horren harira, nabarmendu du alderdi politikoen artean «konfiantza» behar izaten dela.

Horrekiko kritikoa izan da PSE. «Abenturaz» hitz egiten du eta bere babesa baliatzen du presioa eragiteko. Horren aurrean Mendozak azaldu du gobernua osatu zuten momentuan bazekitela alderdi politiko bakoitzaren izaera zein den. «PSE-EEk eta EAJk ez dute berea alde batera uzten, inondik inora».

Zerga erreforma

Bestalde, asteazken honetan Denis Itxaso sailburuak esan zuen espero duela Foru Aldundien zerga erreformak pareko joango direla etxebizitza sailaren jardunarekin. Horren aurrean, Gipuzkoako aldun nagusiak erantzun du «lan handia» dutela eskuartean. Azaldu duenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek uztailaren 18an onartu zuten talde txostengilearen ondorio nagusia, eta han jasotzen zena zen zerga aldaketak «hainbat erronka» dituela aurrean, eta horiei aurre egiteko «zergaren erreforma» egin behar zela. «Horretan gabiltza burubelarri Gipuzkoako Foru Aldundian. Talde txostengilearen ondorioak jaso, eta fiskalitatearen forma eman diogu. Orain dagokiguna da jendaurrean jartzea, ekarpenak jasotzea, talde politikoekin horretan sakontzea eta adostasun batera iristea».

Berriki EAJ zein PSE-EEk zerga arloko akordioa iragarri dute. Mendozaren ustez «beharrezkoa» zen akordio hori. «Foru Gobernuaren izenean egiten da Foru Arau proiektua, eta hori Gobernuarena den heinean, PSE eta EAJ gobernuan egonda, adostasun bat egon behar du. Hori erabat naturala da». Hortik aurrera Batzar Nagusietan aurkezten dute proiektua eta talde politikoekin hasten dute negoziaketa. Mendozak espero du negoziaketa horietan adostasunak aurkitzea. Horren harira, hurrengoa azpimarratu du: «Daukagun zerga sistemak lagundu du krisi garaietan ekonomia aurrera ateratzen: enpresei, autonomoei eta familiei. Beraz, orokorrean, esan dezakegu ekonomia hobeto dagoela krisi aurretik baino».

«Etorkizuneko Gipuzkoa» lantzeko aurrekontuak

Aurrekontu proiektua aurkeztu dute ostegun honetan Batzar Nagusietan. Horri dagokionez azaldu du aurrekontu horiek «tresna» gisa erabiltzen dituztela «gipuzkoarrei ekarpen bat» egiteko. «Guk berrikuntza eta anbizioa nahi dugu, eta hori da eskaintzen duguna aurrekontuen bidez. Gu ez gara konformatzen zerbitzu publiko onak ematearekin. Desberdin egin nahi dugu, eta elkarlanean». Hau azaltzeko adibide gisa, Mubil Gipuzkoako Elektromugikortasun Zentroa aipatu du: «Jakinda automozioak zer nolako pisua duen gure Barne Proiektu Gordinean, hainbesteko aldaketa bizitzen ari den honetan, argi ikusten genuen segizio bat behar zela. Horregatik jarri dugu Mubil estrategia martxan». Bere ustez, honek «segizioa» emango dio «automozioari lotutako industria guztiari». Kuantika ere aipatu du. «Hemendik gutxira irekiko da eraikina, eta hemen superordenagailu bat egongo da martxan. Honek ikerkuntzari eta Gipuzkoako enpresei lagunduko die, aukerak biderkatzeko». Gehitu duenez, munduan horrelako sei superordenagailu daude, eta bat Gipuzkoan egongo da.

Beraz, guzti honekin nabarmendu du aurrekontu hauen bidez, «etorkizuneko Gipuzkoa» lantzen ari direla. Hala ere, aurrekontu horiek aurrera egin dezaten EH Bildu, Elkarrekin edo PPren babesa behar dute. Horren aurrean adierazi du herriak eskatzen duena dela «adostasunetara iristeko gaitasuna» izatea. «Azken arnasera arte saiatuko gara adostasun horietara iristen. Konfiantza dut gainontzeko alderdi politikoek ere gauza bera egingo dutela».

Jaurlaritza Logoa