En directo
Zaintza Araba mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko elkarteak Laudioko San Roke adinekoen egoitzako erabiltzaileek egun bizi duten egoera «desegokia» salatu du berriki eta zentro horretan bizi den egoera «oso larria» berehala konpontzeko eskatu dio Arabako Foru Aldundiari. Egoitza horretan egoiliar pluripatologiko baten aurka aurkeztutako zehapen proposamena salatu zuen elkarteak duela aste batzuk. Horren ostean, Aldundiak oharra kaleratu zuen Zaintza Arabari erantzuteko, San Rokeko egoiliarrek tratu «iraingarria» jasotzen dutela ukatuz. Elkarte horrek ere duela gutxi salatu zituen Gasteizko Arabarren egoitzan atzemandako irregulartasunak eta, horren ondorioz, Arabako Batzar Nagusiek ikuskapena eskatu dute.
Guzti horren aurrean, Txaro Markinez Zaintza Araba elkarteko ordezkariak azaldu du beraiek ez dutela salatzen adinekoen egoitzetan «tratu txarrak» daudela: «Guk esaten duguna da erabiltzaileek bizi duten egoera desegokia dela. Arabako Foru Aldundiak erabili duen mezua izan da Zaintza Araba langileen kontra dagoela. Hori ez da egia; Zaintza Araba beti egon da langileen ondoan. Dauden arazoek arduradun bakarra dute: Aldundia».
Beraz, «borondatek politikoa» eskatu die Arabako Foru Aldundiari, eta, zehazki, Gorka Urtaran Gizarte Politiken diputatuari. Egoeraren aurrean, Markinezek azaldu duenez, protesta egitea da gelditzen zaien bide «bakarra».